Danbaka: Cowboyak, epika eta taberna giroan gau laburrean

Jon Berezibar 2010ko aza. 20a, 02:21

Baja batekin hasi dugu gaua Rombos Negrosekoak ezin izan dute-eta jo taldekide guztiak ezin agertu izanagatik. Hala, hasierako huts horrekin, gauak hobera besterik ezin izan du egin. Horren erantzule bakar gainontzeko taldeak izan dira: Doctors Klub, Karpovian Project eta Ez!. Kronika, argazkiak eta xehetasun guztiak asteleheneko Goiena paperean.

Doctors Klub

IMG_0935


Lehenak oholtza hartzen Doctors Klubekoak izan dira. Cowboy txapela buruan, aretoa berotzeaz gain ikusleei 'lassoa' botatzea ere izan da Durangalde County-ko mutikoteen lana.
Girotze ahalegina ez da gutxiestekoa izan, lasto-fardo eta guzti agetu zaizkigu-eta Espaloian.
Txukun eta gitarra laztanduz hasi dira, harmonikarekin eta suabe abestuz. Belar lastoa ahoan ala tabakoa mastikatzen gozatu beharreko kontzertua inondik inora. Danbakari, behintzat, aurtengo ukitu berezia eman diote.
Hasiera lasaitxoari buelta emanez bateria sartu, 'yee-ha!' pare bat eta hasi da koadrodun alkandoradunen festa. Agian, makalen ahotsetan jardunik ere, harmonikaren epeltasunak goxatu du ahotsen lakartasuna, punkyagoa izan dena countrya baino. Gogotsu eman diote, halere. Konbentzitu dute lan txukuna eginez, inor ezustean harrapatu barik baina abesti zein manera dotoreak erakutsita. Pena banjorik ekarri ez dutela. Hori bai, bukaera ederra egin dute, guztiak fardoetan eserita, txaloekin erritmoa eramanez, kuadrilla giro epelean eta azkenean txapelak botata. Chapeau?... hainbesterako ere ez.


Karpovian Project

IMG_0989


Bigarrenik Danbakako ohiko metal anoa baina ohikoan baino berun kopuru gutxiagokoa; melodiaren alde eginez, hortaz, rockerago. Hori bai, epikotasun sentimentala ez dute baztertu – geurean hain ondo funtzionatu ohi duen ukitu hori. Ikuslerik finenak ere hauek ekarri dituzte, lora eta guzti bota dizkiete (metaforikoak).
Patroietatik irten barik baina estu egon gabe, neurrian instrumentu guztiak eta ahotsa, baina – beti baina bat – egur apur bat gehiagok distira eta presentzia emango lieke mutrikuarrei. Ondo prestaturiko emanaldiek ordain ona izan ohi dute Danbakan eta hauek entsegu-lokal usaina, gehi zuzeneko askoren izerdia ekarri dute gaurko jantzietan. Hala ere, zerbaiten gabezia sumatu da eta zera hori agian ez dute entseguen lau hormen artean aurkituko, ezta beste barik zuzenekoen transpirazioan. Bila jarraitu behar.

Ez!

Laburra ona bada bi aldiz ona eta gaurko saioa behintzat motza izan da. Ez! Oñatitik, gitarra zorrotz, bateria temati eta tabernako ahotsarekin. Kaleko betiko soinua, beharbada, espero baino tonu lasaitxoagoan. Gaueko presentziaren saria hauena izan da baina, paperean erabat murgildutako erdi abeslari, erdi antzezlearekin. Dantzarako aukera eman dute, alaitasun puntua ere. Dibertsioa ekarri dute hauek osteratzean ez  piper, ez gatz  izango litzatekeen saiora. Txukunen eta garbien ez dute jo baina bai dibertigarrien. Punk-rocka beti izan ohi da efektiboa eta are gehiago garagardoz ondutako melodiek laguntzen badute. Eurek gustura daudela esan dute eta kexatu, behintzat, ez da inor kexatu. Gerria ederto mugitu duenik ere egon da.  Oe oe, lo, lorolo, lo eta festa egin dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak