Urtarrilaren 1ean jarriko dute martxan bailara osoan etxeko olioa batzeko zerbitzua

Mirian Biteri 2010ko aza. 19a, 11:42

Eguaztenean aukeratu zuen Debagoieneko Mankomunitateko Gobernu Juntak edukiontziak erosteko eta etxeko olio bilketa eta edukiontzien mantentze-zerbitzua kontratatzeko eskaintza onena. Ecogras eta Eko3R enpresak aurkeztu dira lehiaketa horretara, eta, bien sistema aztertu ondoren, Eko3R enpresaren alde agertu dira Mankomunitateko kideak.

Prozesua azkar joango da hemendik aurrera; Mankomunitatearen asmoa da zerbitzua urte hasierarekin batera ematen hastea. Enpresari jakinarazten zaionetik, 10 lan eguneko epea izango du horrek Mankomunitateak eskatzen dion dokumentazio guztia aurkezteko. Jarraian, Mankomunitateak bost egun izango ditu zerbitzua esleitzeko. Kontratua sinatu ostean, Eko3R enpresakoek herriz herriz joan beharko dute, edukiontziak non jarri behar diren zehazteko. Mankomunitatetik jakinarazi digutenez, Arrasate kontuan hartu barik, 21 edukiontzi jarriko dira datorren hilabetean bailara osoan. 

Arrasaten 11 edukiontzi

Arrasate aitzindaria da zerbitzu hori ematen. 2007ko apirilean jarri zuen proba moduan Udalak. Orduan zazpi edukiontzi jarri zituzten herriko hainbat tokitan. Aurten edukiontzi berriak estreinatu zituzten. 11 halako ekarri zituen Eko3R enpresak; horrekin batera, makina horiendako egindako pote bereziak ere banatu zituzten herritarren artean.

Arrasaten Eko3R enpresakoak jartzen ziren bitartean, Mankomunitateak proba aitzindaria jarri zuen martxan Eskoriatzan Ecogras enpresarekin, etxeko olio erabilia biltzeko behin betiko sistema aukeratu aurretik aztertzeko. Lau edukiontzi jarri zituzten han; pote berezia behar ez zutenak. Sistema biak aztertu ostean, Arrasatekoak bailara osora zabaltzea erabaki dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak