Behobia-Donostia lasterketa: ibarreko azkarrenen sailkapena eta argazkiak

Usoa Agirre 2010ko aza. 15a, 10:03

Imanol Molinero oñatiarra (01:08:48) eta Rakel Alonso arrasatearra (01:30:17) izan ziren Debagoieneko azkarrenak atzoko lasterketan. 472 debagoiendar iritsi ziren Boulervadeko helmugara, iaz baino 33 gehiago. Ibarreko parte-hartzearen gorakada ulertzekoa da azken hilabeteotan bailarako lasterketek izan duten boom-a ikusita.


Iaz baino eguraldi hobearekin –haize zakarra, euria zein txingorra izan ziren protagonista iaz– baina blai eginda amaitu zuten atzo Behobia-Donostia lasterketan helmugara ailegatu ziren 17.374 korrikalariek. Euriak eta beriziki haizeak are gogorragoak egin zituen ibilbidearen 20 kilometro eta 400 metroak.

Proba gogorra izan zen oso eta albiste tamalgarri bat ere utzi zuen: 40 urteko korrikalari bizkaitar bat hil egin zen; Zurriolako etorbidean zerraldo erori zen arazo kardiobaskularrek eragindako bihotzekoak jota. Anbulantzia korrikalaria suspertzen saiatu zen behin eta berriz baina ezin izan zuten ezer egin. Aurtengoa lasterketan parte hartzen zuen seigarren aldia zen. Horrez gain, ez zen bestelako gertakari aipagarririk gertatu.

Lasterketa, markak hausten

Lasterketa osoko parte-hartzeak markak hautsi ditu aurten, eta izenematean 20.000 lasterkarien muga gainditzea lortu da aurten.

Debagoienak ere markak hautsi ditu: 472 debagoiendar iritsi ziren Boulervadeko helmugara, iaz baino 33 gehiago. Ibarreko parte-hartzearen gorakada ulertzekoa da azken hilabeteotan bailarako lasterketek izan duten boom-a ikusita.

Debagoieneko mutil onenak

Debagoiendarren markak ez ziren nolanahikoak izan. Denetan azkarrena Imanol Molinero oñatiarra izan zen. Gainera, Molinerok marka pertsonala apurtzea lortu zuen: 1:08:48ko denbora egin zuen helmugan. Haren atzetik sartu ziren Asier Urdanpilleta eta Ritxar de Goñi. Molinero pozik zegoen, eta adierazi zigun marka hobetzeko gogor entrenatu duela aurtengoan. Helmugan bertan, gainerako debagoiendarren zoriona jaso zuen. Urdanpilleta ere pozik zegoen. Gainera, gustuko izan zuen eguraldia atzokoan. Esan zuen, baina, azken kilometroetan giharrak mindu egin zitzaizkiola. De Goñi bergararra ere pozik zegoen markarekin: ordubete eta hamar minutu baino gutxiago egin gura zituen, eta lortu zuen. Arkaitz Ruiz de Loizagarekin batera hasi zuen lasterketa; gero, bakoitzak bere erritmoa hartu zuen.

Helmugan sartzen laugarren debagoiendarra Aritz Kortabarria arrasatearra izan zen. Kortabarriak Jose Gabriel Urizar euskal presoaren izenean egin zuen antxintxika.

Neskak, indartsu

Debagoieneko neskei dagokienez, Arrasateko Rakel Alonsok egin zuen marka onena: 1:30:17. Itziar Aldekoa eta Lidia Gonzalez izan zien hurrenak. Gonzalez oñatiarra lasai asko sartu zen helmugara. "Hirugarren urtea da, eta datorren urtean ere errepikatzeko asmoa daukat", esan zuen. Errepide bazterrean egoten diren ikusleen animoak izugarriak direla eta asko laguntzen dutela gaineratu zuen. Izan ere, ibilbide osoan zehar ikusleak izateak egiten du ezberdina Behobia-Donostia.

Iglesias, Martinezen aurretik

Debagoieneko protagonistez gain, elite mailan Rafa Iglesias izan zen nagusi (01:01:10). Iglesias eta Txema Martinez ziren faborito; proba aurretik biek adierazi zuten Alberto Juzdadoren errekorra (59:19) apurtzera zihoazela. Mirakrutzeko gainan erabaki zen lasterketa; portuan gora egin zuen ihes Iglesiasek eta 2005etik 2008ra probako azkarrena izan den korrikalari madrildarra atzean utzi zuen. Helmugan 50 segundo galdu zituen Martinezek (01:02:00). 

Emakumezkoetan Maria Lopez de Tejada izan zen azkarrena (01:15:10). Hala ere, lasterketako bitxikeria etiopiarren eskutik etorri zen. Utopia etiopia ekimena dela-eta etorri ziren, Afrikako umeei laguntzeko asmoz. Bada, gizonezkoei gertatu bezala, beharrezkoak diren txipak beste oinetako batzuetan utzi eta ez zuten elitekoekin irteterik izan. Hala ere, euren denborak Rocio Rios-ek 1998an jarritako errekorraren azpitik izan ziren (01:08:54): Tigsti Gebreselassie-k 01:08:34 behar izan zituen eta Tehas Gebre-k, aldiz, 01:08:37. Txipa ahazteak ekidin du, beraz, errekor berria emakumezkoetan.

Sailkapena

Gizonezkoak

  1. Imanol Molinero    01:08:48
  2. Asier Urdanpileta    01:09:27
  3. Ricardo de Goñi    01:09:57
  4. Jose Gabriel Urizar    01:10:20
  5. Arkaitz Ruiz de Loizaga    01:11:00
  6. Iker Herran    01:12:23
  7. Kepa Varela    01:12:25
  8. Joxu Arana    01:12:57
  9. Xabier Elkoro    01:13:30
  10. Igor Lazkano    01:13:37

Emakumezkoak

  1. Rakel Alonso    01:30:17
  2. Itziar Aldekoa    01:31:24
  3. Lidia Gonzalez    01:32:36
  4. Amaia Bernal    01:33:40
  5. Saioa Ugidos Danboriena    01:34:15
  6. Trini Blazquez    01:36:05
  7. Ana Isabel Urmeneta    01:36:19
  8. Izar Urteaga Mendizabal    01:38:04
  9. Leire Guenetxea Mondragon    01:38:21
  10. Maria Jesus    01:38:28

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak