Saioa Rozas arrasatearrak gidatuko ditu bisitak Intxortako ibilbide tematikoan

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko aza. 8a, 10:50

Hurrengoa, gaztelaniaz, azaroaren 28an egingo dute. Euskarazkoa abenduaren 5ean izango da. Ezinbestekoa da aurrez izena ematea.

Zer ikusiko dute parte-hartzaileek bisita horietan?
Espaloia kafe antzokian dagoen harreragunean hasiko ditugu bisita horiek. Bertan dagoen ikus-entzunezkoa ikusiko dugu lehenengo eta maketa ere komentatuko dugu. Frontearen nondik norakoen berri emango dugu maketa horri esker. Azalpean horiek entzun ostean Asentzio aldera egingo dugu, lubakiak egon ziren tokira, hain zuzen ere.  

Frontea zazpi hilabetez egon zen Elgetan. Garrantzitsua izan zen hori.
Bai, eta borroka horiek non gertatu ziren ikusiko dugu bertatik bertara. Lubakiak eta gordelekuak non egon ziren, posizio ezberdinak zeintzuk izan ziren...

Bisita, beraz, oso grafikoa izango da.
Bai. Kalkulatu behar dugu ikus-entzunezkoa eta irteera kontuan hartuta bisitak hiru bat orduko iraupena izango duela. 

Zenbat bisita egitea duzue pentsatuta?
Printzipioz hilean bi egingo ditugu; hileko lehenengo eta azken domeketan. Lehena euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Lotuta dauzkagu azaroko eta abenduko irteerak. Hortik aurrerakoak oraindik lotzeke daude.

Izena ematea ezinbestekoa da?

Bai, gehienez 30 laguneko taldeak izango direlako. Mankomunitateko Turismo Sailak kudeatzen ditu irteerok eta izena eman beharra dago. Horretarako idatzi edo deitu egin behar da. Kontaktuak hauek dira: turismo@debagoiena.net, 943 796 463 edo 943 718 911. Interesatuek alde aurretik deitu behar dute.

Eguraldi txarrarekin ere mendi irteerak egingo dituzue?
Oso eguraldi txarra egiten ez badu, behintzat, hasiera baten bai. Dena dela, arropa egokiekin etortzea gomendatzen dugu; mendiko arropa eta mendiko botak. Sasoi honetan euria egiten du eta baliteke lubakien ingurua lokaztuta egotea.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak