Musika, antzerkia, gastronomia eta zinema, asteburuan gurean

Ubane Madera 2010ko aza. 5a, 15:30

Bada zer aukeratu oraingo asteburuan Debagoienean; musika kontzertuetatik hasi eta zinema emanaldietaraino, tartean edozein motako ekitaldiak daude aurreikusita.

Musika

Elgeta

> Runba, rock powerra, pop-rocka eta metala gaurko Danbakako emanaldian

Rock Privado (Oñati-Donostia), Ymotek (Abadiño), El Trio Calavera (Oñati) eta Front Malabar (Arrasate) taldeek joko dute gaur Espaloian, 22:30ean. Kontzertuetara joaten direnak zozketa baten sartuko dira.

Bergara

> Sonora Mandinga taldea, immigrazioaren alde positiboa

Madrilgo Lavapies eta La Latina auzoetan sortutako Sonora Mandinga taldeak kontzertua egingo du gaztetxean. Immigrazioaren eta kultura eta jatorria desberdinak elkarrekin bizi izatearen aldeko mezu positiboa zabaltzea da musikari eta dantzari horien helburua; horretarako, hainbat musika eta dantza estilo batzen dituzte: Afrikako indigenen eta Karibeko musika, beat elektronikoak eta hip-hopa, besteak beste. Sarrera 3 euro da. Bihar, zapatua, gaztetxean, 23:00etan.

Arrasate

> Show Business taldeak kontzertua egingo du Oñatiko Show Business taldeak kontzertua egingo du, Pozoindutako hitzak diskoari dagokion biraren barruan. Sarrera doakoa izango da. Bihar, zapatua, Iluntz tabernan, 18:30ean.

> Greg Dullik bere lehengo taldeen abestiak joko ditu, eta bere hurrengo diskokoak ere bai Afghan Whigs-eko abeslari gisa ezagutarazi zuen bere burua Greg Dullik (AEB). Orain, Amaia antzokian izango da, Twilight Singers-eko Dave Rosserrekin eta Polyphonic Spree-ko Rick Nelsonekin. Dullik bere lehenengo taldearen eta The Gutter Wings-en abestiak joko ditu, eta baita Twilight Singersekin gertatzen dabilen laneko abestiak ere. Rocka soul musika bihurtzen espezialista dugu Greg Dulli. Bihar, zapatua, Amaia antzokian, 20:00etan. Sarrera, 10 euro.

> The Snobs taldea, Kooltur Ostegunean, oraingo astean Jorge Reboredo NCC taldeko lehen gitarra-jotzailearen taldea da The Snobs. Punk-rock azkarra eta landua da. Sarrera 5 euro da. Eguenean, hilak 11, gaztetxean, 22:00etan.

Antzerkia

Antzuola

> Harri irratixe bakarrizketa egingo du Goio Arrietak Musikan oinarritutako antzezlana izango da Harri irratixe. Goio Arrieta musikariak eskainiko du ikuskizuna, egubakoitzean, 22:00etan, Torresoroan. Arrietaren eskutik, Andres Calamaro, Fito, Manu Chao eta Alex Sardui, besteak beste, izango dira taula gainean. Gaur, egubakoitza, Torresoroan, 22:00etan.

Gastronomia

Arrasate

> Idiazabalgo gazta-dastatzean izena eman daiteke oraindik; gaur izango da Debagoieneko Gastronomia Jardunaldien barruan, gaur, egubakoitza, Idiazabal jatorriko gazta-dastatzea izango da Kulturaten (19:00). Derrigorrezkoa da izena ematea 943 79 64 63 telefonoan edo turismo@debagoiena.net helbidean.

Zinema

Arrasate

> Izarren argia filma, frankismoko emakume presoen gainekoa 1938an Saturrarango emakumeen kartzela Espainiako gerran gertatutako ankerkeriarik basatienaren lekuko izan zen. Mikel Ruedak zuzendutako film hori domekan 19:30ean emango dute, eta astelehenean, 20:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak