Runba, pop-rocka, 70eko hamarkadako rocka eta metal musika gaur Espaloian

Maider Arregi 2010ko aza. 5a, 09:30

Aurtengo edizioa ireki zuten taldeen emanaldien ondoren, hurrengo lau parte-hartzaileen txanda heldu da. Oraingoan, El Trio Calavera oñatiarrak, musikari oñatiarrez eta donostiarrez osatutako Rock Privado taldea, Arrasateko Front Malabar eta Abadiñoko Ymotek izango dira protagonistak gaur, Elgetako Espaloia Antzokian, 22:30ean hasita.

Musika estilo ugari izango dira gaur Espaloiko taula gainean: El Trio Calavera taldearen eskutik, runba doinuak entzungai; pop-rock musika Rock Privado taldeak taularatuko du; rockarekin jarraituz, 70eko hamarkadako rock doinuak Front Malabar arrasatearrek eskainiko dituzte; eta Abadiñoko Ymotek taldearen eskutik, berriz, metal doinu gogorrak. Beraz, ingelesezko eta gaztelaniazko abestien bidez, askotariko musika entzungai bertaratu nahi dutenendako.

Sarrerak, 3 eta 5 eurotan

Kontzertuetarako sarrerak Espaloian bertan egongo dira salgai. Gazte Kutxarekin 3 euroren truke eta bestela, 5 eurotan.

El Trio Calavera
Joan den apirilean elkartu ziren Luis (Poetas Muertos taldekoa), Ekaitz (Nos la Suda taldekoa) eta Beñat (Ez!) taldekoa gitarra hirukote bat sortzeko asmotan. Euren musika runba euskalduna dela esaten dieten arren, taldekideek runba merke moduan izendatu zuten; izan ere, abestien letrak Luisek idatziak dira eta hark ez daki euskaraz. Errealitateko egoerei eta maitasunari buruzko abestiak egiten dituzte, betiere gitarra oinarriak eta gitarra bakarlariak errespetatuz.

Rock Privado
German Uribe-Etxebarria (gitarra eta ahotsa), Adriana Besne (ahotsa), Juan Ignacio Manso (gitarra), Iñigo Arotzena (teklatua), Victor Gartzia (baxua) eta Andoni Regueiro (bateria) dira Rock Privado taldeko kideak. Pop-rock musika egiten dute eta bi disko dituzte kalean: En todo este tiempo (2008) eta Caras (2010). Taldeko abestiak (Germanek konposatutakoak) benetako istorioetan daude oinarrituta, entzuleari melodia gogoraerrazak eta errima sinpleak baino gehiago eskaini nahian.

Front Malabar

Rock power hirukotea 2009an sortu zen. Hauek dira taldekideak: Borja Sabas bilbotarra (gitarra eta ahotsa), Bachellors eta Porcelanea taldeetako partaide ohia; Josema Cabezas arrasatearra (bateria eta koruak), Malaña, Kumulo eta Carlos el Sucio taldeetako kide ohia; eta Aitor Angulo (baxua eta koruak), Mr. Dange taldeko kide ohia. Egindako kantu guztiak ingelesezkoak dira. Soinu berezia eta gogor samarra izan arren, ez dute melodia ahazten.

Ymotek

Abadiñoko metal taldea, 2006an sortua. Taldeak aldaketa batzuk izan eta gero hauek dira partaideak: David Villarubia Villa (ahotsa), Roberto Moisen Rober (gitarra), Javier Villar Javivi (bateria), Asier Otadui Zana (baxua) eta Ivan Esteban Randall (gitarra). 2008an Apathy izeneko lehen EPa kaleratu zuten. 2009an, Euskal Zarata Tour '09 delakoan eta Euskal Strong Festibalean izan ziren, Walls of Jericho, Hamlet eta Deathe Before Dishonor taldeekin oholtza partekatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak