Txomin de Vega, Euskadiko jaitsieretako mendiko bizikleta txapelketan bigarren sailkatu da

Xabier Urtzelai 2010ko ira. 30a, 18:32
Galdakaoko lasterketaren ondoren Elgetako 'biker'-a bigarren sailkatu da bost proba izan dituen Euskadiko Openean, eta helburua podiumera igotzea zenez, Bikezona-Commencal taldeko kideak onartu digu gustura dagoela egindako lanarekin.

Txomin de Vegak (Elgeta, 1984) asmatu egin zuen futbola alde batera utzi eta bizikletan serioago ibiltzea erabaki zuenean: "Lanean hasi nintzenean zailtasunak izaten nituen futbol entrenamenduetara joateko, eta futbola bizikletagatik aldatzea erabaki nuen".
Eta erabaki horri etekina atera berri dio, Bikezona-Commencal taldeko biker-ak bigarren postua lortu du-eta Euskadiko Openean: "Hori zen helburua. Aurten lehenengoz egin dute senior mailan Euskadiko Opena eta podiumean sartzea zen helburua. 23 urtez azpikoen kategorian lehenago ere egin zuten horrelako txapelketa bat, eta orduan hirugarren izan nintzen".
Elgetarrak, baina, zalaparta handirik ateratzeko asmo barik, badu zalantzaren bat edo beste: "Zarauzko lasterketan akatsak egon zirelako puntuak emateko orduan, eta nire ustez lehenengo egon beharko nukeelako, baina bueno, dagoeneko garaikurrak jaso ditugu eta ez dago hori aldatzerik".

Lesio gutxiago
Mendiko bizikletan dabilen jendea jaitsieretan azkar ibiltzen bada, pentsa azkar jaisteko espresuki diseinatutako bizikletan dabiltzanak zelan joango diren: "Kuriosoa da, baina urte hauetan futbolean nenbilenean baino lesio gutxiago izan dut". Azkar jaisteko behar diren gaitasunen gainean ere galdetu diogu: "Hemen ez dago sekretu handirik. Bizikleta aproposa behar da, teknika izatea, eta bueno, potroak [Barre]".
hemen eta kanpoan
Aste barruan mendiko bizikletarekin ibiltzen da normal, pedalei ematen. "Eta aste bukaeretan jaitsieretako bizikleta hartuta egiten ditut entrenamenduak. Elgeta inguruan badago non ibili, eta kanpora ere asko joaten gara –bizikletan ibiltzeko parkea egitea onartu berri du Udalak".
Hala, Euskal Herrian barrena bakarrik ez, besteak beste Asturiasen eta Segovian ere lehiatu da: "Frantzia aldera ere joaten gara, Lourdes ingurura. Frantzian maila handiagoa dago, eta baita Katalunian ere". Hala, Euskadiko Opena amaituta, Elgetakoak garbi dauka lehiatzen jarraitzeko asmoa duela, eta espero du, aurten moduan, talde on baten babesean izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak