Mankomunitatea atez ateko sistema ezartzearen alde [alderdien iritziak barruan]

iban arantzabal 2010ko uzt. 6a, 12:15

Mankomunitateak asteleheneko batzarrean onartu zuen gure ibarreko herri guztietan “atez ateko sistema ezartzearen aldeko apustua” egitea. Debagoieneko Aralar eta Debagoieneko Ezker Abertzaleak alderdiek egin zuten proposamen hori aurrez landutako dokumentu bat aurkeztuz. Edozelan ere, hiri-hondakinen atez ateko sistemaren bidez jasotzeko erabakia herri bakoitzari dagokio eta momentuz ez du herri batek ere erabaki hori hartu. Badirudi Antzuola izango dela onartzen lehena. Uztailaren 7an dute antzuolarrek Osoko Bilkura, eguaztenean.

Proposamen horren arabera, urrian zehaztuko dute atez ateko sistemaren “ezarpen plana”, edo bestela esanda, egutegia. Eta baita plan horren araberako txosten ekonomikoa ere; hau da, aurrekontua.

Antzuolan lehenengo

Onartu zuten, baita ere, zaborra batzeko sistema berria ezartzeko modurik onena “mailakatua” izango dela, eta horren harira, erabaki zuten Antzuolan abiaraziko dutela atez ateko sistema. Arrazoiak dira, besteak beste, Antzuolako udalak adierazi duen "aldekotasuna sistema gaurdanik ezartzeko". Onarpena, hala ere, biharko Osoko Bilkuran emango dute.

Hain justu, Antzuolako Udalak proposamenaren onespena berretsi bezain laster abiaraziko dute sistema berria, eta sei hilabetean izango dute, proban. Behin sei hilabeteok pasa ostean zehaztuko dute Debagoieneko gainerako herrietan noiz ezarriko litzatekeen zaborra atez ate batzeko sistema. Edozelan ere, era berean, argi izan beharra dago herri bakoitzean osoko bilkurak eman beharko diola onespena zaborra batzeko sistema berria ezartzeari.

Hori horrela, eta tokian tokiko udalbatzarrek onartzen badute, gure ibarreko herrietan ere ezarriko lukete sistema berria, Usurbilen, Oiartzunen eta Hernanin moduan.

Ibarrean alkatetzan dauden alderdien iritzia

Pedro Iturbe (Ezker Abertzalea)

''Tope batera heldu gara, eta ikasi dugu egungo portzentajeak hobetzen dituzten  beste sistema batzuk badaudela, esaterako, Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen ikusi duguna, baita bere garaian Katalunian ikusi genuena  edo duela gutxi Italian ikusi duguna ere. Atzoko erabakian adostu zen iraila erdi inguruan adostuko dugula Ingurumen batzordean noiz herri bakoitzean ezarriko den. Ea irailean has gaitezkeen herritarrekin bilerak egiten eta atez atekoaren informazioa banatzen. Asmoa da abendu aldera, urte bukaeran, atez ateko sistema errealitate bat izatea. Udalbatzan denok ados egongo garela uste dut''.

Mikel Etxaniz (Aralar)

''Hondakin bilketaren fase ezberdinak aztertuta, atez atekoa fase horretarako ondoen ikusten duen sistema da Aralarrentzat. Bosgarren hondakinarena ere hor dago, baina atez atekoa eraginkorragoa dela uste dugu. materia organikoa jasotzeko sistema eraginkorrena atez atekoa. Jendea kontzientziatu egin behar da, izan ere ez dakit jendeak ze puntura arte dakien ze arazo dauden hondakinekin: zabortegi gehienak gainezka daude, ilegalak dira...Errauskailurik gura ez badugu, jendea inplikatu egin beharko da. Horrek ekarriko du hondakinak behar den moduan sailkatzea eta behar denean ateratzea. Aralarren erabakia Debagoiena osorako da''.

Lourdes Idoiaga (EAJ)

''Guk bosgarren edukiontziaren aldeko apustua egiten dugu; ez dugu atez atekoa baztertzen, baina egokiagoa deritzogu bosgarren edukiontziari. Proposamenak gainera, herri bakoitzari uzten dio erabakia hartzeko ahalmena, azkenean, udal bakoitzaren eskumena da-eta. Oñatik ez du ezer erabaki oraindik ere; Mankomunitateak bere osotasunean ere ez. Guk ez dugu oztopatzen Antzuolan esperientzia pilotu hau egitea udalak eskatu badu berau. Mankomunitateak atez atekoa herri guztietara eraman aurretik, txosten ekonomikoa aztertu behar da. Hor dago Jordi Colomerrek egindako txostena; baina bada beste txosten bat, teknikoa dena eta ez politikoa. Eta bigarren txosten honek dio Colomerren txostenak ahuldadeak dauzkala''.

 

Onartutako dokumentua duzue oso osorik albiste honen erantzunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak