Zapatuan bukatuko zaizkie oporrak gurean izandako ume sahararrei

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko ira. 4a, 10:20
Uztailaren erdialdea ezkero 21 ume saharar daude gurean udako oporrak igarotzen. Bergarako Bubisher eta Arrasateko Nubi elkarteek agur jaia egin dute asteburuan ume zein familiekin.

Bergarako Bubisher elkartea

Bergarako Bubisher elkartea

San Martzialen harrapatu genituen Bergarako Bubisher elkartearen bitartez Bergara eta Antzuolara etorri diren 7 eta 12 urte arteko bederatzi neska-mutikoetako zortzi, harrera-familiekin batera. Zazpi Bergaran egon dira eta bi, Antzuolan.

16:30etan egin zuten hitzordua, meriendatzeko asmoz batu ziren-eta. Iritsi bezain laster haima muntatu zuten ermitaren aurrean. Zuria da kanpotik, baina kolore bizikoa barruko aldetik eta ikurrina eta Saharako bandera ere baditu bata bestearen ondoan, elkarkidetzaren eta errespetuaren adierazgarri.

San Martzialgo merienda oporraldia agurtzeko egin zuten eta baita ere umeen itzulera prestatzeko: "Familiek umeen itzulerarako izaten dituzten zalantzak argitzeko batu gara", esan ziguten Bubisherrekoek. "Eta, baita ere, bakoitzak oporrak nola igaro dituen jakin eta esperientziak elkar trukatzeko", gehitu zuten. Elkarte sortu berria da Bubisher eta lehenengoz ekarri ahal izan dituzte umeak gurera. Pozik daude bederatzi ume ekarri ahal izan dituztelako eta "harrera-familien artean ere oso harreman ona sortu delako".

Arrasateko Nubi elkartea

Arrasatekoak domekan batu ziren. 14:00etan egin zuten hitzordua, Udalako Uxarte jatetxean bazkaltzeko. 12 neska-mutiko etorri dira Nubi elkartearekin: 11 Arrasateko familiek hartu dituzte eta bat Oñatin egon da. Bazkaritarako umeetako sei eta haien harrera-familiak batu ziren, Izan ere, "batzuk oraindik kanpoan daude, oporretan", azaldu zigun Agurne Juldainek, Nubi elkarteko kideak. Bergarako familiek bezala, norbere esperientziaz jardun zuten bazkal orduan eta, nola ez, umeen itzulerarako prestatu beharreko gauzez.

Pozik etorri eta pozik joan

Pozik etortzen dira umeak baina joan ere pozik joaten dira familia zain dute han eta. Eta halaxe aitortu digute Mohamedek, Hafoudek edo Salehk: "Hemen ondo pasatu dugu; hondartza, igerilekua eta bizikletan ibiltzea asko gustatu zaigu. Baina familia ikusteko gogoa daukagu". Hilaren 9an, datorren zapatuan itzuliko dira, hain justu umeak euren etxeetara.

Hemen egon diren bitartean ondo baino hobeto ibili dira eta horren gustuko ez izan arren, dentistarenena, sendagilearengana edota okulistarenera ere eraman dituzte harrera-familiek. Izan ere hori da umeak hona ekartzearen helburuetako bat, elkarteetako kideek azaldu duten moduan: "Errebisio mediko osoa egiten zaie umeei eta izan ditzaketen arazoei neurria jartzen saiatzen gara, izan ere, han ez dute halako zerbitzurik. Horrez gain, janaria ere oso garrantzitsua da. Hemen elikadura orekatuagoa egin dezakete, hango gabeziei aurre eginez. Bestalde, eurak bizi diren kanpamentutik kanpora beste leku batzuk badirela jakiteko ere balio die". Baina horrez guztiaz gain, umeak handik etortzean gatazkaren mezulari ere badirela azaldu dute elkarteetako arduradunek. Haien lurraldearen okupazioaren eta horren ondorioen mezulari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak