Autobus zerbitzu indartua bihartik aurrera

Asier Alkorta 2006ko abu. 31a, 14:30
Gaur, abuztuak 31, aurkeztu dute zerbitzu berria Arrasaten. Berritasun nagusienetako bat autobusek izango duten maiztasuna da. Foru Aldundiak, Debagoieneko udal guztiek eta Pesa garraio enpresak adostasun osoz egin dute plan hau. Batez ere, udalek egin dute plana ateratzeko ahalegin handia.

Egubakoitzetik aurrera, debagoiendar guztiek badute aukera ibarreko autobus zerbitzu berriak probatzeko, edo lehen bazeuden ibilaldiak indartu egin direla ikusteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Pesa garraio enpresak eta udalek adostutako plana da, eta milioi bat euroko inbertsioa du. Foru Aldundiak ipini du zati handiena, %60. Gipuzkoa osorako autobus programa berriaren barruan, Debagoienekoa izan da lehen ekintza. Ibarreko alkateen ekimenarekin eta Aldundiaren eta Pesaren elkarlanarekin lortu dira aldaketa hauek.

Berritasun asko

Nabarmena da AP-1 autobidea erabiliko dela kasu askotan. Hala, Arinak izeneko linea (Arrasate-Bergara-Donostia) hortik ibiliko da. Arrasatetik irtengo da, ordu erdiro 07:00etatik 08:30era eta, gero, ordubetero; handik zuzenean Donostiara baldin badoa, 50 minutuan egingo du bidea; Bergaran gelditzen denean, ordubete inguru beharko du. Maiztasuna desberdina izango da asteburuetan.

Beste berritasun handi bat linea zirkularra da. 90 minuturo autobus bana irtengo da Bergaratik Oñatira eta Antzuolara; hau da, ibilbidea bi norabideetan egingo da batera. Handik Legazpi eta Zumarragara egingo du.

Indartzen diren ibilbideak Eibar-Eskoriatza eta Oñati-Arrasate dira. Lehenengoa 30 minuturo ibiliko da Eibartik Eskoriatzara. Orain arteko zerbitzuak jarraitu egingo du; bien artean, Bergaratik Eskoriatzara 15 minuturo izango da autobusen bat. Bigarrenak (Oñati-Arrasate) maiztasun handiagoa izango du: ordu erdiro puntako orduetan, eta ordubetero gainerakoetan.

Leintz Gatzagan eta Elgetan orain gutxi jarri ziren baliabideekin jarraitu egingo da. Hala, Gatzagatik Eskoriatzara taxi-busa egongo da, eta Elgetatik Bergarara ere.

Orain arte ibili diren linea batzuek jarraitu egingo dute, bereziki Eibar-Eskoriatza lineak eta hiriburuetara doazenak. Ordutegi berriak kontsulta daitezke www.pesa.net webgunean, eta Foru Aldundiak buzoietan banatuko ditu ordutegiak.

Iritzi onak

Debagoieneko alkate guztiak ados jarri dira proiektu hau aurrera eramateko. Ignazio Lakuntzak, Mankomunitateko presidenteak, honela dio: "Oso berri ona da ibar osoarendako. Dinamika txar baten sartuta geunden: eskaintza txarra zen, eta gero eta gutxiago erabiltzen zen. Orain, erronka da ohiturak aldatzea, eta hori kosta egingo da".

Oñatik du, betidanik, komunikazio arazo larriena. Hango alkateak, Lourdes Idoiagak, pozik hartu du berria: "Diputazioa zoriondu behar dugu proiektu honengatik. Alkate guztiak hori lortu guran ibili gara. Oñatiko zerbitzua asko hobetuko da; espero dut herritarrek hori igartzea, eta dagoena hobetzeko gertu egongo gara", esaten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak