Hozkailuaren matxurak izandako ondorioak kontuan hartuta, Hiltegia Bizirik plataformak Zubillagako hiltegiaren gestio txarra kritikatu zuen asteazkenean emandako prentsaurrekoan.
Mankomunitateko kideek ez zituzten egiatzat hartu han adierazitakoak eta hainbat puntu argitu gura izan ditu hiltegi batzordeko presidente den Victoriano Gallastegik.
Inbertsioak
Bata, hobekuntzak egiteko Foru Aldundiaren diru laguntzari dagokio. Hiltegia Bizirik plataformak esan zuen Mankomunitateak ez zuela erakutsi diru horrekin inbertsioak egiteko intentziorik. Victorianok ordea dio plataformak dioena gezurra dela, diru partida gehitu ere egin dela, eta hainbat hobekuntza egiteko lanak adjudikatuta daudela dagoeneko.
Kalte-ordainak
Argitu gura izan duen beste puntu bat, ganadu buru horien jabeek edo harakinek jasoko duten kalte-ordainari dagokio. Plataformakoek zioten oraindik ez zekitela zelan eta noiz ordainduko zieten. Gallastegiren esanetan "Mankomunitateak protokolo bat du eta hori betetzen ari gara. Okela ahal bada aprobetxatuko da eta hortik diru bat etor daiteke. Geratzen den bestea seguruak beteko du. Kalterik ez da egongo diru mailan, ez Mankomunitatearendako, ez okela ekarri duenarendako."
Dimisioa
Azkenik, German Berezibar hiltegiko gerentea kargutik kentzeko egindako eskaeraz hitz egin du. Victorianok dio, ustekabeko matxura batek ez duela erakusten gestio txar bat egon denik: "Nola eskatu daiteke dimisioa ez ohiko kontu bategatik? Seriotasun pixka bat eskatuko nuke."