Gelma: saio berezia GOITBko "Behazulon"

Maider Arregi 2006ko eka. 23a, 15:10
"Behazulo" saioan izango da Juan Inazio Galdos, Bergarako Udaleko Hirigintza abokatua eta Zegamako alkatea. Gelmari buruzko saio berezia 21:15ean izango duzue ikusgai GOITBn. Bestalde, Ines Aldairen adierazpenak ere jaso ditugu. Azken orduko albiste bat ere jaso dugu: asteartean, ekainak 27, EBk salaketa jarriko du.

Juan Inazio Galdosek "Behazulon"

Juan Inazio Galdosek "Behazulon"

Juan Inazio Galdosek hirigintzaz eta bertan eramaten den prozesuaz hitz egingo du saioan. Besteak beste, Goienari adierazi dio, etxebizitza herritarrentzat eskubidea dela eta edonork duela etxebizitza duina izateko eskubidea.

Udalentzako diru iturri garrantzitsua dela ere azpimarratu du. Diru iturri hori hiru ataletan banatu du:

  • Hirigintza aprobetxamendua: %10
  • Udalari ordaindu beharreko obra zerga
  • Ondasun higiezinen gaineko zerga

Bestalde, azken urtetan Udal askok etxebizitza eta urbanismoa diru sarrera gisa hasi direla erabiltzen esan du.

Etxebizitza tasatu, libre eta babes ofizialekoak zertan desberdintzen diren ere azaldu du. Oinarrian, erregimen juridiko eta prezioan desberdintzen dira.

Gehiegizko plusbalia zer den ere azaldu du. Esaterako, baratz bat etxebizitzak egiteko saltzean, lur horren balioa hazi egiten da. Beste balore batekin merkaturatzen dela esan du.

Ines Aldaik esandakoa Goienari

Gelmaren inguruan egindako salaketen ostean, EAJrekin batzarrak egiten dabil egunotan Ines Aldai. Helburua da argitzea zer gertatuko den etorkizunean, baina dagoeneko berak esan digu dimititu egingo duela: "Gaurko (eguena) batzarrak zehaztuko ditu dimisioaren arrazoiak, baina asmo hori daukat". EAJ-EA koalizioko zinegotziak jakinarazi digunez, datorren gobernu batzarrean emango du dimisioaren berri. Kontatu digun moduan, "ez da normala" EAJn eta gobernuan duten jarrera: "Oraingo asteleheneko gobernu batzarrean aurpegi luzeak ikusi nituen, baina ez zidaten ezer esan. Ez da normala. Ez dut ulertzen ezta ere alkateak niri baja ez ematea eta EAJtik ere ez didate ezer eskatu; hortaz, zer gura dute, hemen ezer gertatu ez balitz moduan ibiltzea?".

Beraz, EAJn zer egin erabaki beharko dute orain. Batetik, dimisio horrek utziko duen lekua betetzeko. Bestetik, alderdian sortu diren desadostasunak bere onera ekartzeko. Gipuzku Buru Batzarrak ez digu adierazpen berririk egin gura izan eta aste hasieran Arrasateko EAJK bidalitako prentsa oharrean esandakoa berretsi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak