Hiltegiaren kudeaketa falta salatu du Hiltegia Bizirik plataformak

Goiena 2006ko eka. 22a, 11:30
Asteburuan 100 bat bururen okela galtzea hiltegiaren ardura faltagatik gertatu dela salatu dute prentsa aurrean. Hiltegiko gerente German Berezibar kargutik kentzea eskatu dute. Victoriano Gallastegi hiltegiko batzordearen presidenteak gezurtatu egin ditu Hiltegia Bizirik plataformaren salaketak.

Abeltzaintza sektoreko 50 bat langileek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, ekainak 21, Arrasateko Monterron jauregian. Salatu dute, 24 tona haragi galdu direla Oñatiko hiltegian kudeaketa gabeziagatik.

Arazo teknikoa joan den egubakoitz gauean gertatu zen. Hozkailu bat matxuratu zen eta ondorioz bertan zegon haragi guztia, 100 bat ganadu buru, 30 bat gradutara egon zen asteburu guztian.

Hiltegia bizirik plataformakoen iritziz, Zubillagako hiltegian gertatutakoa aspalditik salatzen dabiltzanaren adierazle garbia da. Arazo tekniko baten aurrean, Mankomunitateak ez duela erantzuteko gaitasunik adierazi dute. Hotzaren mantenurako protokoloaren gabeziari, hiltegiko gerentearen, German Berezibarren, gaitasun eza ere gehitu behar zaiola esan dute. Plataformako ordezkarien arabera, gerentea ez zen astelehen ilunkara arte hiltegian azaldu.

Hozkailuek batez ere, berritu beharrean daudela aspaldi adierazi zuen plataformak. Eta horretarako diru partida bat egon arren, ez dela ezer egin salatu dute. Horrez gain, salatu dute oraindik ez harakinek ez eta abeltzainek ez dutela gertatutakoaren gaineko informazio ofizialik jaso. Ez dakite, galdutako haragia nork eta zelan ordainduko dien.

Victoriano Gallastegi: "Plataformak gezurra dio eta erreflexionatu egin beharko luke inor salatu aurretik"

Victoriano Gallastegi hiltegiko batzordearen presidenteak esan du plataforma gezurretan ari dela. "Batetik, gezurra da ez Lakunzak eta ez nik Aldundiko 50.000 eurokin ezer jakin nahi ez dugunik; justu gaur, egubakoitza, izan dugu bilera diru laguntza horren inguruan. Bestetik, gezurra da dirua nork jasoko duen ez dakitela diotenean; dirua ehuneko ehunean jasoko du okela hiltegira eraman duenak, protokoloak agintzenduen bezala. Hirugarrenik, ez dakit zergatik eskatzen duten German Berezibarren dimisioa asteburuko gertaera ez ohikoa, ustekabea, izan bada eta reflexionatu egin beharko luke inor salatu aurretik"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak