Debagoienean dagoen musika talde kopuru handia ikusita eta horiek eragiten dituzten ekimen guztien berri emateko espresuki sortu beharreko tresna baten premia zegoen. Hala, www.danbaka.com webgunea sortzea erabaki du Goienak.
Bloga duten taldeak
Aby-Kem, Jim TNT, Amonal, Radio Wings, Enboskada, Little Little Much, Show Business, Golpe de Estado, Liken, Los Cretinos, Muted, Malenkonia, Dolce Vita, Txuma Murugarren, Kultur LAB, Lagash, Fly Shit eta Potemkin. Hala ere, bloga egiteko aukera Euskal Herriko musika talde guztiek izango dute.
Informazio ugari
- Debagoieneko Musika Lehiaketaren gaineko informazio guztia izango da bertan.
- Debagoieneko musika taldeen gaineko albisteak ere egongo dira irakurgai. Baita Debagoienetik kanpo baina debagoiendarrei interesgarriak irudituko zaizkien bestelako musika albisteak ere.
- Nahi duten musika taldeek beren bloga izateko aukera dute. Musika taldeek ez dute ezer ordainduko eta webgune horretan argazkiak, abestiak mp3 formatuan eta bideoak kargatu ahal izango dituzte, besteak beste.
Webgunearen ezaugarriak
Bitakorarekin egindako webgunea da Danbaka.com. Bitakora Zope produktu bat da, multiblogak sortzeko eta blog komunitateak kudeatzeko. Software librean eginda dago eta euskaraz. Eibarko Codesyntax enpresak euskaratu du.
Blogetan taldeko argazkiak, bideoak eta mp3ak sartzeko aukera dute musikariek. Mp3ak biltegi batean kargatuta egongo dira eta player batekin blogean entzun edo blogetik jaisteko aukera dago.
- Argazkiak www.flickr.com argazki biltegian kargatzen dituzte musikariek.
- Bideoak ere baditu Danbaka.com-ek. Musikariek kontu bana izango dute www.youtube.com bideo biltegi handian eta han kargatuko dituzte bideoak.
Honekin guztiarekin Web 2.0-aren aldeko apustua egin nahi dute: edukien sindikazioa, CSS estiloak, estandarretan oinarrituta, tagak... eskaintzen dituzte blogek.
Bloga egin nahi duen edonork bidal dezala e-posta bat danbaka@gmail.com helbidera.