Ia zazpi mila errenta aitorpen mekanizatu egin dituzte Bergarako bulegoan

Goiena 2006ko eka. 14a, 10:16
Hamar egun besterik ez dira geratzen errenta aitorpena egin ahal izateko, eta Foru Ogasunak Bergaran duen bulegoak orain arteko datuak ezagutarazi ditu: 39 egunetan 6.867 aitorpen mekanizatu egin dituzte, eta bost milioi euro baino gehiago itzuli.

Bergarako bulegoan errenta aitorpena egin dutenen artetik bost mila pasatxok emaitza negatiboa izan dute eta, beraz, kobratu egin dute; Foru Ogasunak 5 milioi eta 159 mila euro itzuli dizkie eskualdeko zergadunei. 39 egunotan errenta aitorpena egin duten gainerako 1.762 zergadunei ordaintzea tokatu zaie; guztien artean milioi bat 314 mila euro ordaindu behar izan dituzte.

Txanda, ekainaren 17a baino lehen

Autolikidazioa jaso dute etxean 143 mila pertsonek. Onartu ez dutenak aitorpena egitera behartuta daude, eta errenta aitorpen mekanizatua egitea erabakitzen badute, ekainaren 17a baino lehen eskatu beharko dute txanda.

Foru Ogasuneko zuzendari Iñaki Ricak aditzera eman duenez, Internet da txanda hartzeko bitartekorik erabiliena. Zergadunen %54ak hartu du txanda Internet bitartez, eta %46ak telefonoz.

Gipuzkoako datuak

Gipuzkoako bulego ezberdinetan diharduten 100 teknikariek ia 85 mila errenta aitorpen tramitatu dituzte. Gehienei kobratzea tokatu zaie. Hala, Gipuzkoako Ogasunak, momentuz, 76 milioi euro itzuli ditu, eta ia 12 milioi jasoko ditu ordaintzea tokatu zaienen eskutik.

Aitorpena modu ezberdinetan

Zazpi mila dira errenta aitorpena Internet bitartez egin duten gipuzkoarrak, aholkulari fiskalekin egin dute ia 33 milak eta finantza-entitateen bidez 20 milak.

Hilaren 26an itxiko da errenta aitorpena egiteko epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak