Gerrako biktimak gogoan: omenaldi hunkigarria egin zuten

A.G. 2006ko eka. 12a, 10:35
Arrasateko Lau Bide plazako oroitarriaren aurrealdean egin zieten azken omenaldia gerra garaian fusilatu edo desagerrarazi zituzten 115 debagoiendarrei. Euskal Herriaren alde egiteagatik zigortuak izandakoen senide, lagun eta ezagunak gerturatu ziren ekitaldira.

Parte-hartzaile asko

Parte-hartzaile asko

12:30ean, Arrasate Musikaleko bandak abesti alaiak jo zituen ekitaldiari hasiera emateko. Segidan, eskualdeko hiru bertsolarik hiruna bertso bota zituzten. Eurek esan moduan, argi dago gerra amaitu arren zauriak ez direla itxi. Bertsolariek omenduen izenak eta jasandako injustiziak aipatu zituzten euren bertsoetan eta batek baino gehiagok ezin izan zion malkoari eutsi. Ondoren, lore eskaintza egin zieten Debagoieneko udaletako ordezkariek biktimen senideei. Jarraian, bandakoek Eusko Gudariak doinua jotzen zuten bitartean, Ikurrin-dantza egin zuen Arrasateko Arrostaiz dantza taldeak eta aurreskua dantzatu zieten loreak jaso zituztenei.

Garai gogor haiek bizi izan zituztenek asko eskertu zieten antolatzaileei egindako guztia eta plaza berean dauden oroitarriei eskaini zizkieten jasotako lore sortak. Eskaintzaren ostean, oholtza gainean faxismoaren bidegabekeriak gogor salatu zituzten. Oroitzapena zor diegula gerrako biktimei, urte askoan ukatua izan den oroitzapena, garbi utzi zuten.

Emakumeen papera

emakumeen papera goraipatu zuten. Izan ere, emakumeek ere izugarri sufritu zuten frankisten errepresioa eta haien ahalegina goraipatzekoa dela adierazi zuten.

Amaiera aldera, Goikobalu abesbatzak kantatu zuen eta bukatzeko, Juan Ramon Garai Intxorta 1937ko kideak hitz batzuk esan zituen. Zaila dela errepresioa jasan duten guztien berri izatea eta herritarren laguntza ezinbestekoa dela aitortu zuen antolatzaileak.

Bazkaria eta erakusketa

Ekitaldia egin eta gero bazkaria egin zuten Monterrongo karpan. Aurten lehenengo aldia izan arren, 255 lagun batu ziren.

Omenaldiaren barruan erakusketa ibiltaria ere ipini dute Monterron kultura etxean. Hilaren 15era arte egongo da zabalik, egunero, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Liburua eta DVDa salgai egongo dira han.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak