Hainbat liburu
Badihardugu euskara elkarteak Debagoieneko eta Debabarreneko euskara aztertzen du, eta on-line liburutegi hori da lan horretan eman duten urrats berriena. Gure eskualdeko ia herri guztietan aztertu da bertako berbeta, eta horren gaineko liburua argitaratu izan da: adibidez, Bergarako, Antzuolako eta Arrasateko euskararen gaineko liburuak plazaratu ditu elkarteak. Beste hainbat bidean daude dagoeneko, Oñatiko berbetarena, besteak beste. Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Elgetan ere tokian tokiko hizkerak jasotzeko bekak edo ikerketa-proiektuak bideratzen ari da Badihardugu.
Euskal Herri osokoak
Debagoieneko eta Debabarreneko berbetez gain, euskalkien liburutegi hori Euskal Herri osoan euskalkiaren inguruan kaleratu diren lan eta liburuen datu-basea izateko jaio da. Liburu, artikulu eta abarrak jaisteko aukera emango du liburutegiak, eta horien gaineko kontsultak egiteko. Aurrerantzean, aldizkarietan kaleratu diren artikuluen erreferentziak gehituko dizkiote.