Erantzun mundiala izan du munduko kulturen deiak

A.G. 2006ko mai. 29a, 10:09
Giro bikaina ia etenik gabekoa izan da Oñatin Munduko Kulturen Jaialdian. Antolatzaileek aho batez arrakastatsutzat jo dute aurtengo Mundumira.

Egubakoitza, ordurako, festak izango zuen erantzun apartekoaren iragarle izan zen: Amparanoiak eta Mal de Ojok frontoia ia lehertu egin zuten eta Deabru Beltzen piroteknia ikusgarria irekitze ikuskizun ezin hobea izan zen. Eguzkia lagun, asteburuko gainerako ekintzek ikusmin eta jende nahikoa erakarri zuten, kontzertuetatik hasi eta azoka zein janari postuetara. Jai disfrutagarria izan zen, adin guztietarakoa eta egitarau potolo eta entretenigarriarekin. Umeek ere hainbat txoko izan zituzten eurendako prestatuta: zirkua, jolasak, malabarrak... Eta txikienek ere ederto pasatu ahal izan zuten. Ikuskizunei dagokienez, Nino Galissa edo Terrafolkekoak ere aipa daitezke, kontzertu bitxi eta ikusgarriak egin zituzten-eta.

Antolatzaileen iritzia

Balantze ofizialerako martitzenera arte itxaron beharko bada ere, atzo Mankomunitateak eta Euskal Herria aldizkariak, antolakuntzarekin batera, balantze baikorraren lehen printzak eman zituzten aditzera. Hala, Ernesto Murgiondok, Mankomunitateko Kultura arduradunak, "bikain" hitza errepikatu zuen behin baino gehiagotan, eta, haren esanetan, "koskarik handienak zapatu eta domeka arratsaldeetan lortu ziren". Izan ere, ordu haietan kale animazioa pil-pilean egon zen McKensy's Clan Band edo 12 Tribukoekin. "Kontzertuez gain, Foruen plazan egindako emanaldiak izan dira aipatzekoak", dio Murgiondok, "eta kale animazioa ere bikaina izan da". Mendi irteera eta txangoei dagokienez, batez ere natura ibilbideek izan dute arrakasta, "Debagoienak duen ondare natural apartekoa ezagutzeko aukera izanik". Era berean, "aurten ere azpimarratu behar da eskualdeko zein kanpoko GKEen partaidetza eta haien txokoak izan duen harrera". Jaialdiaren bihotza, ordea, plazako karpa nagusia izan zen eta inguru horretatik ikus zitekeen jende gehien. Azokari dagokionez, mendiko materiala eta artisautza ugari ekarri zituzten antolatzaileek eta horretan ere egon zer ikusia eta baita zer erosia ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak