Hiru urte dira gaur, eguena, azken udal hauteskundeak egin zituztela eta Debagoieneko herri plataforma ilegalizatuen hautetsiek apartheid egoera salatu dute prentsa aurrean. Prozesu demokratikoa martxan jarriko lukeen ekarpena, euren karguak hartu zituztenak, eskualdean 21, dimititzea eta aulkiak eurei bueltatzea izango litzatekeela esan zuten.
Balantze ezkorra
Debagoieneko herri plataforma ilegalizatuek hiru urte hauetako balantze ezkorra egin dute. Horren adibide batzuk dira: AHTren inposaketa, hiltegiari buruz Mankomunitateak egin duen politika, zerga gehienen etengabeko igoera, Udalatx harrobiaren sekretismoa, Bergaran dagoen kirol eta kultura azpiegitura falta, Eskoriatzan autobidearen inguruan sortuta afera edo Oñatin Lurdes Idoiaga izendatzea alkate.
Egoera zuzentzeko eskaerak
Egoera zuzentzeko bi eskaera nagusi hauek egin dituzte: alderdien legea derogatzen ez den heinean euren karguak ordezkatzen dituzten pertsonak dimititzea eta LOERGaren 182.2 artikuluak ahalbideratzen duen prozedimendua erabiliz, udaletan herriak erabakitako ordezkaritza berreskuratzea. Hori berreskuratuz, egungo prozesu politikoari lagutzea.
Kale agerraldiak iluntzean
Azken hiru urte hauetako egoera salatzeko, kale agerraldiak deitu dituzte gaur iluntzerako eskualdeko herri guztietan, udaletxe aurrean:
- Aretxabaletan, Oñatin, Bergaran, Antzuolan eta Elgetan 19:00etan
- Eskoriatzan eta Arrasaten, 19:00etan
Hilabete honetako osoko bilkuretan, gai hau jasotzen duen mozioa aurkeztuko dute udal ezberdinetan.