Jesus Cataniak ukatu egin du Fagor Etxetresnak krisian dagoenik

Goiatz Arana Begiristain 2006ko mai. 18a, 20:18
Krisiaz hitz egiten duen informazioa argitze aldera egin ditu adierazpenok MCC-ko Kontseilu Orokorreko lehendakariak. Edonola ere, onartu egin du barne tentsioa dagoela.

Orain urtebete inguru Fagor Etxetresnak negozioak Brandt Taldea erosi zuen eta, ondorioz, garbigailuen eta hozkailuen bina planta eta beste hainbat euren eskuetan geratu ziren. Horrek jarduerak berregituratzea eskatzen duela argitu du Jesus Cataniak eta operazio hori guztia abiarazteak zailtasunak dituela.

Orain 2 egun egin zuten batzarra Fagor Etxetresnaken. Berregituraketaren kostu ekonomikoari aurre egiten lagunduko duten hainbat neurri proposatu ziren bertan, eta guztiak onartu ziren bat izan ezik; ikusteke dago Edesan batzarra egin ostean zertan geratuko den.

Zailtasunak zailtasun, Jesus Cataniak esan du Brandt Taldea erostea operazio ona izan zela eta, horri esker, Fagor Etxetresnak Europako rankingean bosgarren tokian daudela gogoratu du.

2005a, urte ona

Oro har, joandako urtearen gaineko balorazio positiboa egin du MCCko Zuzendaritzak. Emandako datuen arabera, Industria eta Banaketa Taldeen salmentak %13,4 igo ziren, eta Emaitza Kontsolidatuak, berriz, %8,5. Hala, korporazioaren aktiboa ia 23 mila milioi eurotara iritsi da.

Arloka banatuta, Finantza Taldeak oso ekitaldi positiboa egin zuen: Euskadiko Kutxak 11 mila milioi euro baino gehiago lortu zituen baliabide bitartekotuetan, eta Lagun Aroren ondare fondoak %9 inguruko errentagarritasuna lortu zuen. Industriaren arloa %20 hazi zen, Brandt eta Electra Vitoriaren sarrerei esker eta Banaketak, ekitaldi positiboa izan zuen, sei mila milioi euro pasako fakturazioarekin. Nazioartera begira, salmentak %33 hazi ziren eta hala, hiru mila milioi eurotara iritsi dira.

2006ari begira, baikor

Urte honetarako, hazkunde ekonomiko globala %4,9koa izatea aurreikusten da.

Lehen hiruhilekoan salmentak guztira %10 hazi dira, eta urte amaieran fakturazioa 13 mila milioi eurotik gorakoa izatea aurreikusi da, 2005ean baino %10 gehiago. Inbertsioei dagokienez, azpimarratzekoa da urte honetan bertan, amaiera alderako, Txinan martxan jarri nahi duten industrialdea, 4 kooperatibekin, printzipioz. Enpleguari dagokionez, 1.500-2.000 lanpostu berri sortuko dira 2006an, gehienak kanpoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak