Ostalariak kezkatuta Tabakoaren Aurkako Legearen aurrean

Gorka Etxabe 2006ko urt. 2a, 18:43
Atzo sartu zen indarrean Tabakoaren Aurkako Legea Hego Euskal Herrian. Legeak tabernarien eta ostalarien artean piztu ditu kezka handienak. Aretxabaletako Baster-alde jatetxean izan gara.

Aretxabaletako Baster-alde jatetxean kezkatuta daude eta kexu dira informaziorik jaso ez dutelako. Tabakoaren Aurkako Legeak eragin zuzena izango du taberna eta jatetxeetan eta, ostalariek erabaki beharko dute haien jatetxe eta tabernak erretzaileenak edo kerik gabekoak izango diren.

Ezkontzetan erretzeko aukera izango da

Baster-alde jatetxean ezkontzetan erretzea posible izango da baldin eta ezkonduek horrela erabakitzen badute. Beste jatetxe askotan ere horrela jokatuko dute. Arazoa, berriz, puru erretzaileen kasuan ikusten du Aitorrek, "haientzat plazer handia da bazkal osteko purua eta bezeroak gal ditzakegu debekatzen badiegu".

Enpresa arloko bazkari ugari izaten dituzte Aretxabaletako jatetxe honetan, Aitor Telleriaren esanetan, "italiarrak eta frantsesak zigarroa erretzera jatetxe kanpora joaten dira eta Euskal Herrian ere antzerako zerbait gertatuko da epe laburrean".

Gure ibarreko beste zenbait tabernarirekin ere izan gara eta baita jatetxe arduradunekin ere. Askok oraindik ez du erabaki zer egingo duen baina dakiguna da 100 metro baino gutxiagoko taberna asko erretzaileentzat izango direla.

Era berean, lantokietan ere dagoeneko ezin da erre. Ibarreko enpresa askotan gaur goizean aritu dira kartelak jartzen, eta beste askotan atseden geletan bakarrik egongo da baimenduta erretzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak