Euskararen eguna: gazteenei zuzendu diete euskaraz jarduteko mezua

A.G. 2005ko abe. 5a, 09:10
Euskararen Nazioarteko Egunak oihartzun zabala izan du gurean. Euskara elkarteak, Udalak eta ikastetxeak arduratu dira ibarrean euskararen aldeko deia zabaltzeaz.

Beste urte batez, ehunka euskaltzalek hizkuntzarekiko ardura berretsi eta normalizaziorako beharrezko neurriak hartzeko deialdia egin dute euskara eta kultura elkarteekin batera. Gurean ere oihartzuna izan du egunak eta ia herri guztietan antolatu zituzten zapatuan Euskararen Egunarekin bat egiteko ekitaldiak.

Hausnarketa helburu

Arrasateko Euskalgintzakoek haur eta gazteei modu berezian eragiteko egitaraua gertatu zuten, futbito txapelketa eta gazte bazkariarekin. Leloa: Euskara orain eta beti, eta helburua hausnarketa eragitea. Horretarako, herritarrei euskararekiko arduraren gainean egin zieten galde. Arratsaldean gaztaina erreak, taloak eta sagardoa banatu zituzten herriko plazan, Aretxabaletan moduan. Han gainera, Jaxintoren bisita berezia jaso zuten, Loramendi elkarteak gonbidatuta. Euskararen aldeko mezua zabaldu zuen Jaxintok eguerdian eta ordu horretan bertan, baina Eskoriatzan, ludotekaren eskutik, jolasak egin zituzten. Oñatin herriko plazan eskegi zituzten neska-mutikoek idatzitako mezuak eta Elgetan elkarretaratzea egin zuten.

Omenaldia Bergaran

Jardun elkartekoekin batera, AEK eta EHE taldeek antolatu zuten eguna Bergaran, Udalaren eta ikastetxeen laguntzarekin. Euskararen aldeko deia egin eta hainbeste urtetan hizkuntzaren zabalkundearen alde lanean ibili direnei omenaldia egin zieten eguerdian. Hala, Bergaran 60ko hamarkadan euskara irakasten hasi ziren emakumeei merezitako ohorea egin zieten. Ikastolen hastapenetan lehenengotako herria izan zen Bergara, Koldo Eleizalden ematen hasi ziren eskoletan. Garai latz haiek gogora ekarri eta irakasleei egindako lan handia eskertu gura izan zieten herritarrek. Horretaz gain, Euskal produktuekin osatutako otzara bat ere zozkatu zuten eta 268 zenbakia izan zen saritua, Jardunek jakinarazi digunez.

Lan eta ikasi, euskaraz

Asmo berarekin, Arizmendi ikastolak 25 urte irakaskuntzan bete dituztenei egingo die omenaldia gaur, astelehena. Ibarreko gainerako ikastetxeek ere hainbat ekintzarekin ospatu dute Euskararen Eguna. Aurten, amaitzeko, lan munduan zabaldu gura izan du mezua Kontseiluak Lan munduan, bai euskarari leloarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak