Debagoieneko 444 lagun izan ziren Behobia-Donostia lasterketan

A.G. 2005ko aza. 14a, 09:35
Ritxar Fernandez oñatiarra bosgarren tokian iritsi zen helmugara. Iratxe Aranburu bigarrena izan zen emakumezkoen proban, irabazlearengandik zazpi segundora. Lehen aldiz proba korritzen zuen Chema Martinez izan zen irabazlea, baina ez zuen errekorra hautsi. Irteeran izan ziren 10.875 korrikalariek hotzari eta euriari aurre egin behar izan zioten ibilbide osoan

Euria eta lasterkarien ilusioa izan genituen protagonista nagusiak atzoko Behobia-Donostia lasterketan. 11.500 lagunek izena emanda zuten proban parte hartzeko. Azkenean, 10.875 izan ziren irteeran, Fortuna Elkarteak emandako datuen arabera. Eguraldi eskasak izango zuen zerikusia azken orduko zenbait baja egoteko. Zortzi graduko tenperatura eta %95eko hezetasuna markatzen zuen termometroak Behobiako irteeran.

Hala ere, lasterketak zein korrikalariek sasoi betean daudela erakutsi zuten. Baldintza eskasei aurre eginez, gehienak iritsi ziren helmugara. Ibilbidean zehar ez ziren falta izan ikusleen animoak, nekea azaltzen denean lasterkariek biziki eskertzen dituztenak. Esan bezala, antolakuntza ere bikaina izan zen. Fortuna Elkartekoak pozik azaldu dira lortutako erantzunarekin. Probak bere prestigioa dauka eta atzo irabazle berri bat izan zuen, palmaresari berari prestigioa ekarriko diona.

Chema Martinezek pronostikoa bete zuen

Chema Martinez genuen proba irabazteko faborito nagusia eta madrildarrak ez zuen hutsik egin. Juzdado bere lagunaren lekukoa hartu du Europako 10.000 m.ko txapelduna izandakoak. Hala ere, ez zuen marka hausterik izan. 1:02:11ko denborarekin nagusitu zen Boulevardeko helmugan. Juzdadoren errekorretik urrun geratu zen. Edozein modutan, erraz nagusitu zitzaien atzo bere aurkariei: hasieratik alde egin zuen eta minutu pasa atera zien helmugan Mike Power australiarrari eta Israel Garcia kataluniarrari (1:03:27).

Ritxar Fernandez: esfortzua ordaindu zuen

Proba ondo baino hobeto ezagutzen duen Ritxar Fernandezek bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Pasaia aldean Israelek ihes egin zion eta Miracruz gainean atzetik zetozen Powerrek eta Loustau frantziarrak oñatiarra gainditu zuten. Egindako esfortzua ordaindu zuen Ritxarrek. Nahikoa sufritu zuen azken zatian. Nekatuta, indar justuekin amaitu zuen eta gauzak horrela ez zuen bere marka (iaz lortutakoa, 1:01:39) hobetzerik izan. Lehen atleta gipuzkoarrari dagokion Diego Garcia saria eraman zuen berriz ere.

Iratxe Aranburu, bigarren

Emakumezkoen proban, Rael Kimaiyo kenyarrak ere pronostikoa bete zuen. 1:14:12 denborarekin irabazi zuen atleta afrikarrak. 2002an eta 2003an proba garaile izan zen Iratxe Aranburu bigarren sailkatu zen, irabazlearengandik zazpi segundora. Uste baino gertuago zuen Kimaiyo, baina indarra falta izan zitzaion zarauztarrari azken kilometroetan. Penaz zegoen Iratxe proba irabazi ez izanagatik. Hurrengo urtean proba hobeto gertatzeko eta bere marka hobetzeko asmoa azaldu zigun.

Edozein modutan, podiumera igo zirenak ez ezik, proba amaitu zuten guztiak izan ziren txapeldun atzo, tartean Debagoienetik joandako 444 lagunak. Ritxar Fernandezek hasi eta Luis De Andres arrasatearrak ixten duen zerrendan agertzen diren guztiek merezi dute txalo zaparrada. Euri zaparradari ausart egin zioten aurre. Azken hilabeteotako entrenamendu eta esfortzuek izan dute saria. Helmugan, indarrak berreskuratu bitartean, aurpegian nekea eta poza antzematen zitzaien.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak