Amaia Goitia: "Guatemalan eskola eraikitzea zen helburua, baina orain han zer dagoen ikusi eta horren arabera lagunduko dugu"

U.A. 2005ko urr. 20a, 14:46
Amaia Goitia oñatiarra eta beste bi durangar Guatemalara joango dira datorren astean. Hasiera batean, eskola bat eraikitzeko proiektua zuten, baina ekaitz tropikalak leku asko txikitu dituenez bertara joan eta dagoenaren arabera lagunduko dute. Arrasate Irratian egon da Amaia beraien asmoa zein den azaltzen eta berarekin batera egon da Iñaki Gonzalez aretxabaletarra. Guatemalan bizi da Iñaki eta bertako egoeraren berri eman du.

Agintarien jarrera lotsagarria

Agintarien jarrera lotsagarria

Iñakik azaldu duenez, Guatemalaren hego mendebaldean izan du eragina ekaitz tropikalak. Mendebaldea da indigenen zonaldea eta hegoaldea, berriz, azukre sail handienak eta abeltzain garrantzitsuenak dauden lekua. Gobernuak hegoaldera bideratu du laguntza gehiena.

Indigenak dauden lekura astebete gerora arte ez da egon agintarien presentziarik. Estatuko presidentea joan zen eta Iñakik salatzen duenez ez zuen inongo konpromisorik hartu. Santiagoko zonaldea "berreraikuntzaren sinbolo" izendatu zuen eta horrek ez du ezer konpontzen. Bestalde, 5.000 errefuxiatu ingururendako txabolak eraikitzeko laminak eraman zituen, baina lurraren kontua eta zailena bertako alkatearen esku utzi zuen. Iñakiren iritziz, agintarien jarrera lotsagarria izan da.

Berreraikitzeko momentua

Iñakik dioenez orain berreraikuntza momentua da. Orain, asko kostatzen da erakundeetatik abiatutako berreraikuntza bideratzea eta hori ikusirik maila lokalean berreraiki behar dela uste du. Lagundu nahi duten talde ezberdinek bertako antolaketa komunalak ezagutu behar dituzte eta hortik abiatuta koherentziaz eraiki behar da, garapen lokalera bideratuko duena. Koordinaziorako deia egin du.

Kontu korrontea zabalik diruz lagundu nahi bada

Amaia eta bere bi lagunen helburua eskola eraikitzea zen, baina Guatemalan orain dela gutxi izandako ekaitz tropikalak zer eragin izan duen ikusiko dute lehenengo eta gero pentsatuko dute zertan lagundu.

Diruz lagundu nahi izanez gero, kontu korrontea dago Oñatiko Euskadiko Kutxan, Amaia Goitiaren izenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak