KMK '05erako lanean aritu diren zortzi lagun omendu dituzte Arizmendikoek

A.G. 2005ko urr. 17a, 10:25
Zapatuan egindako bazkari jendetsuan jaso zuten omenaldia antolakuntzan ibili diren lagunek eta Joxe Pagaldai txondorgileak.

Omenaldi hunkigarria jaso zuten zapatuan Andoni Mugikak, Agurtzane Elkorok, Josu Velascok, Iker Serranok, Igor Elortzak, Hilario Seinek eta Marijo Belokik. Guztiek urriaren 2an, Leintz bailaran izan zen Kilometroak 2005 jaia antolatzen jardun dute. Lehenengo bostak koordinazio lanetan aritu dira; beste biak, segurtasun eta arropa arloan. Lehenek, oroigarri gisa, bakoitzaren karikatura jaso zuten; besteek, KMK '05en anagrama. Horiez gain, Joxe Pagaldaik ere omenaldia jaso zuen; izan ere, berak egin zuen jai handira hurbildu zirenek ikusi ahal izan zuten txondorra. Guztiei, egindako lana eskertu nahi izan zieten Arizmendikoek zein bazkarian batutako herritarrek.

Lanean jarraituko dute

Almeneko kiroldegian jaso zuten omenaldia, esker bazkarira joandako ia 500 lagunen aurrean. Izan ere, Arizmendikoek bazkari horren bidez eskerrak eman nahi izan dizkiete jaiaren bueltan jardun duten 700 boluntarioei. Jaiari bukaera emateko modua ere izan da bazkaria; ez, aldiz, agur esatekoa. Arizmendikoen esanetan "jaia antolatzeko sortu ziren hamabi lantaldeek lanean jarraituko dute aurrerantzean. Aurtengo Kilometroetarako sortu zituzten hainbat ekitaldik jarraipena izango dute aurrerantzean ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak