Kalitate oneko mahatsa ibarrean

Asier Alkorta 2005ko urr. 14a, 12:07
Txakolin mahatsa biltzeko sasoia da hau, eta gure ibarreko mahasti jabeek egin dute aurten lan hori. Guztira lau dira txakolindegiak Debagoienean: Bergaran Amatiño; Arrasaten Kataide eta Otxia; eta Upain Oñatin.

Bergarakoak izan dira goiztiarrenak. Amatiñon orain dela hiru aste batu zuten mahats uzta. “Aurten inoiz baino goizago ibili gara bilketa egiteko orduan. Urtea lehor xamar joan da eta horregatik aurreratu egin gara batzerakoan”, esan digu Karlos Mendizabalek.Bere esanetan, “eguraldi lehorrak bi alde ditu: mahatsaren itxura askoz hobea da, kalitatez hobea izango dela dirudi; baina jasotako kopurua txikiagoa izan da”. Txakolina kupeletan daukate jadanik.

Arrasateko Hegiaundi baserrian, berriz, orain dela bi aste egin zuten bilketa. Bertako Jabier Agirrek esan digunez, “iaz baino mahats gutxiago jaso dugu aurten, baina kalitate oso onekoa. Sekula izan dugun mahatsik onenetarikoa da aurtengoa”. Mahatsaren kalitatea ona izanik txakolina ere ona izango dela aurreikusi dute. “Upategiko prozesua gertutik jarraitu behar da orain, eta gero jendeak esango du txakolina ona den ala ez”.

Bedoñako Artazubiaga baserrikoek asteburuan batu dute mahatsa familia giroan. Mahastien jabe Felix Etxagibelek kontatu digu, lan hori orain 15 egun egitekotan ibili zirela, “azkenean aste pare itxaron eta arriskatzea erabaki genuen. Denbora tarte horretan primerako giroa egin du, eta mahatsak heldutasun puntu ona harrapatu du. Pozik nago apustua irabazi dutelako”.

Oñatiko Upain baserriko mahastietan ere joan den astean jardun zuten lanean. Guztira 20.000 kilo inguru batu dituzte aurten, “landare gazteak dira oraindik eta ekoizpena egonkortzeko pare bat urte beharko dira oraindik”, esan digute. Mahatsa batzeko ez ezik, fruituarendako ere eguraldi ona izan dute aurten. “Bero egin du eta horrek eragin du besteak beste mahatsaren graduazio egokian. Aurtengo mahatsa kalitate onekoa da; gero probatu egin behar txakolina nolakoa atera den jakiteko”.

Txakolin polita

Fruituaren kalitatea ikusita, aparteko gora beherarik izan ezean, txakolin polita espero dute. Ateratako muztioa negu partean zaintzapean izan eta gero, gabon ostean sartuko dute botiletan, eguraldi hotzarekin. Ondoren, maiatz aldera egongo da txakolina probatzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak