Kilometroak 2005eko ibilbidea eta nondik norakoak aurkezteko, bertan izango dira besteak beste, Jose Ramon Zubizarreta, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Txaro Iraeta, Arizmendi ikastolako zuzendaria eta Andoni Mujika eta Igor Elortza, Kilometroak'05-eko koordinatzaileak.
Urriaren 2an ospatuko da ikastolaren festa eta 8 kilometroko ibilbidea izango du. Ibarrak dituen paisaia ikusgarrietan barrena kilometroak beste gune izango ditu ibilbideak. Zer ikusi eta zer entzuna ez da faltako bertan.
Helburu ugari
Arizmendi ikastolak 0 eta 21 urte arteko ia 3.000 ikasle ditu. Duela 2 urte, bateratze prozesu baten ondoren, Eskoriatza eta Arrasaten zeuden lau ikastolen baturak sortu zuen egungo Arizmendi ikastola.
Ikastola berriak inbertsio ugari egin behar izan ditu; besteak beste, Aretxabaletan, ibilbideari hasiera emango dion ikastola berria martxan jartzea. Inbertsio horiek estaltzen laguntzeko dirua lortzeko helburua dauka ikastolak datorren urriaren 2an. Baina horrez gain, badu ikastolak beste helburu bat; jaiaren aitzakiaz ikastolaren inguruan sortu den dinamika aberatsari esker, urriaren 3tik aurrera, urtean zehar sortu eta gorpuztu diren ideia eta proiektu batzuei jarraipena ematea; artean, sormenean, musikan, kirolean, aisialdian,...