Fagor, Europako bosgarren etxetresnen enpresa

Goiena.net 2005ko api. 14a, 11:40
Atzo eman zuten erosketaren berri Bilbon. Erosketa horrekin tamaina bikoiztu du Fagorrek. Ia 2.000 milioi euro fakturatuko ditu 2006an, 11.000 langile dauzka orain eta 100 herrialdetara hedatuko da.

Lan taldea, ekoizpena eta salmentak bikoiztu ditu Fagorrek Frantzian liderra den Brandt enpresa erosita. Sektoreko bost konpainia ahaltsuenen artean dago orain.

Fagorrek 162,5 milioi eurotan erosi du Brandten %90; aurretik berea zuen %10. Kapital propioaz gain, MCCren baliabideak (ordaindutakoaren %18) eta kanpoko kredituak (%55) erabili ditu erosketarako, eta astearteaz geroztik, lantegiak dauzka Europan, Asian eta Afrikan.

Salmentak eta ekoizpenak gora

Urtero zazpi milioi etxetresna baino gehiago ekoitziko ditu talde jaio berriak, eta lanak hartuko ditu Fagorren eta Brandten arteko elkarlana pizteko.

Fagorrek 16,8 milioi euro irabazi zituen iaz. Hurrengo hiru urteetan, gainera, 8.300 milioi euroren salmentak lortu nahi ditu.

Kostuak gutxitu baina ez lan baldintzen kontura

Ikerkuntza eta berrikuntzan inbertitzen jarraituko du Fagorrek, eta funtsezkoa deritzo kostuak gutxitzeari, baina ez lan baldintzen kontura. Adierazi dutenez, ez dute lantegirik itxiko eta ez dira hemendik joango.

Berrikuntzaren bitartez lehiatuko da Europa Ekialdean eta Asian merkeago ekoizten duten konpainiekin. Aurten, %3 inguru garestituko ditu etxetresnak Fagorren, Poloniara eramango du gama apaleko produktu batzuen ekoizpena, eta Txinako plataforma erabiliko du lehengaietan dirutza aurrezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak