Zuhaitz Ezpeleta eta Ainhoa Murua izan ziren azkarrenak Oñatiko duatloian

Jon Unamuno 2005ko mar. 21a, 10:30
Forma onean dago Zuhaitz; aurreko astean ere gailendu egin zen Barakaldon. Korrikako azken lau kilometroetan erabaki zen lasterketa eta bertan aurreratu zuen Luis Maria Urizar.

Duatloilari asko gerturatu zen Oñatira zapatuan. Askorendako denboraldiko lehen lasterketa izan zen eta horrek gorputzari ematen dion jipoiari, Oñatiko lasterketaren gogortasuna gehitu zitzaion. Ikustekoa izaten da zenbat taldetxotan sakabanatzen diren parte hartzaileak, eta Deskarga mendatekoa gehiegizkoa izaten da. Hala ere, helmugan denetarik entzun zen. Gehientsuenendako korrikako azken zatia da zailtasun handienekoa. Lehenengo postuetan heldutakoek beste borroka bat izaten dute. Ezin dute nekea edo hanketako minagatik erritmoa mantsotu, bestela euren borroka galdu egiten dute eta.

Lasterketari dagokionez, Zuhaitzek izandako erregulartasunak eman zion garaipena. Korrika onena izan zen eta horrek eman zion garaipena azken kilometroetan. Steven Mc Gregor eta Pablo Arrastiarekin batera egin zuen lasterketaren zati gehientsuena. Hala ere, Legazpitik Udanara bitartean bi hauek atzeratu egin ziren eta Luis Maria Urizarrek eta Samuel Porte frantziarrak aurrera jo zuten.

Korrikako azken zatia

Segundo gutxiren baitan abiatu ziren aipatutako hiru duatloilariak korrikako azken zatia betetzera. Lasterketaren nekea gainean zeramaten, baina irabazi nahi izanez gero, kontu horiek alde batera laga behar dira. Horrela, Zuhaitzek, Ormaiztegiko txakurrak bezala, Luis Maria Urizar korrika harrapatu eta pasatu egin zuen. Merezitako garaipena izan zen Bedoña auzokoak lortutakoa.

Banan-banan

Lehen aipatutako taldetxoak dagoeneko deseginda zeuden. Kirolari bakoitzak nahikoa zuen bere erritmoari eustearekin, eta kasu gehienetan helmugara banan-banan sartu ziren duatloilariak. Neke aurpegia denek erakusten zuten, baina lasterketan eurekin ibilitakoak ikusterakoan, nekea desagertu egiten zela zirudien. Gutxi gorabehera bi ordu pasa eta gero, freskagarriren bat edo ura altxortzat hartzen zutela argi ikusten zen helmugan. Denetariko istorioak entzun ziren, baina bat aipatzekotan, Ainhoa Murua txapeldunaren esker hitzak aipatu nahi nituzke. Lasterketan berarekin batera bizikletako zatian elkarri laguntzen ibiltzeagatik etorri ziren esker hitzak. Horrelakoa da kirol hau, esker onekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak