Finalistak: Potemkin, Muted eta Sharon Stoner

Leire Kortabarria 2004ko abe. 20a, 18:10
Potemkin (Oñati), Muted (Arrasate-Abadiño) eta Sharon Stoner (Oñati). Urtarrilaren 14an, finalean, talde bakoitzak hiru ordu laurden izango ditu, eta, epaimahaiak azpimarratu duenez, "edozeinek irabaz dezake, hortaz, taldeek dena eman beharko dute finalean". Joan den egubakoitzean izan zen azken sailkapen kontzertua Espaloian, eta han argi geratu zen berriz parte-hartzaile guztien maila bikaina.

Aurkeztu diren taldeen maila azpimarratzen du epaimahaiak, batez ere Oñatiko taldeena: lautik bi sailkatu dira

Lehia handia egon dela deritzo epaimahaiak

"Finala zabalik dago, eta taldeek dena eman beharko dute". Bakoitzak 45 minutuz joko du. "Edozeinek izan dezake ibilbide oparoa, eta zorterik onena opa diegu denoi", gaineratzen du. Epaimahaiak ez ezik, ikusleek ere ondoen hartutako taldeen artean daude hiru finalistak.

Bi talde Oñatikoak dira

Hori ere nabarmentzen dute: "Oñatiko lau talde aurkeztu dira, eta laurek izan dute euren lana zuzenekoetan erakusteko aukera. Are gehiago, horietatik bi finalean daude".

Antzokia eta publikoa

Epaiak lehiaketako alderik onenak azpimarratzen ditu. Batetik, taldeen kalitatea: "Taldeek erakutsi duten maila demasekoa izan da. Jo duten 20 taldeez gain, aurkeztu ziren askok merezi zuten leku bat. Eta badakigu izena eman ez duten asko ere maila bikainekoak direla". Horren erakusgarri da epaimahaia ia hiru orduz batzartuta egon zela erabaki arte.

Bigarren alde positiboa da Espaloia antzokia: "Baliabide oso onak ditu, eta taldeek eta ikusleek ere hala iritzi izan diote. Talde gazte askok aukera paregabea izan dute eszenatoki handi baten jotzeko, baldintza onetan eta jendeak erantzun duen leku baten", esaten dute epaimahaikoek. Eta publikoaren gainean ere badute zer esanik: "Harrerak aurreikuspenak apurtu ditu. Zoritxarrez, jendea hotz samar egon da, eta horrek zaildu egin du taldeen lana. Baliteke lehiaketa izateak eragin izana hori, telebistako kamerak inguruan izatea...", baloratzen du epaimahaiak.

Taldeez epaimahaiaren iritzia

Potemkin

Zuzeneko itzela izan zen, lehenengo kantutik; sendoa, melodia asko eta landuak. Oso ondo antolatutako ordu erdia eskaini zuten; komunikatu, adierazi egin zuten. Dena eman zuten. Epaimahaiarendako ezuste handienetariko bat izan dira.

Ezer nabarmentzekotan, abeslariaren jarrera nabarmenduko dugu. Izan ere, indartsu jardun zuen, atsedenik hartu eta eman gabe, energia handiarekin. Bizi-bizi aritu zen abeslaria, disfrutatu egin zuen eszenatokian. Argi geratu zen Potemkin potenteak direla. Eurek sinisten dutena jendeari sinistarazi zioten. Ez zuten inolako etenaldirik egin ordu erdian, eta horregatik, motz ere egin zen.

Muted

Talde borobila da, konpaktua, txundigarria, berritzailea. Eten bariko saioa egin zuten. Taldekide bakoitzak bazekien bere lekua zein zen, eta hori ondo baino hobeto zaindu zuten. Oso ondo prestatutako zuzenekoa egin zuten, mugimendu neurtuekin. Metala, musika elektronikoa eta hip-hoparen nahasketak, hortaz, fruitu onak eman ditzake, talde honek erakusten duen moduan.

Estilo gogorra duen taldea da Muted; hala eta guztiz ere, kantuak erakargarriak egiten dira abesteko erarengatik eta leloengatik. Kontzertuan buru-belarri, erasokor, ikusi genituen. Estetika oso zaindua erakutsi zuten, eta erritmo markatua eta zehatza.

Sharon Stoner

Hiru lagun besterik ez izateko, ateratzen den emaitza harrigarria da, eta hiru taldekideek, bakarrik, bete egiten dute eszenatokia. Ezohikoa den estiloa lantzen duten arren, harrapatu egiten dute entzulea euren musikarekin.

Taldekide guztiek jarduten dute ondo, baina modu berezian azpimarratzen dugu bateria jotzailearen lana.

Sekzio erritmiko sendoa dute talde lanaren oinarri moduan. Eroso eta euren buruarenganako ziurtasun eta konfiantza handiarekin ikusi genituen, oholtza gainean egiten dutenarekin benetan gustura. Euren emanaldian, publikoa xaxatu egin dute, eta baita berarengandik erantzuna lortu ere.

Publikoaren sarian lehenengo doazenak Enboskada taldekoak dira, botoen %19rekin. Bigarren Denial botoen %15,9, hirugarren Stukas botoen %10,5 eta laugarren Ozen botoen %9,8arekin. Irabazlea jakingo da urtarrilaren 14an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak