Saio borobil baten ondoren, finalistak jakitea bakarrik falta da

Leire Kortabarria 2004ko abe. 18a, 13:31
Danbakaren lehen fasea bart, egubakoitza, bukatu zen. Eta bai borobil bukatu ere, izan ere, bost saioetako onenetariko bat izan zen bart gauekoa. Publikoak ere bat egin zuen eta ez zen beste emanaldietan bezain urruti geratu. Orain, finalistak jakitea falta da, eta horiek Asteleheneko Goienkaria-k jakinaraziko ditu abenduaren 20an.

Publikoak bete egin zuen Espaloia kafe antzokia Danbakako azken sailkapen emanaldia ikusteko. 450 bat lagun batu ziren, eta hasieran, ohi bezala, urruti geratu baziren ere, gutxina-gutxina agertokira gerturatzen joan ziren, musikaren berora, eta taldeekin konplizitatea hobetu egin zen. Publiko aldetik behintzat, emanaldi beroena izan zen.

Bart jo zuten talde guztiek –Stukas (Bergara), Turboamor (Arrasate), Sharon Stoner (Oñati) eta Ozen (Arrasate)– erakutsi zuten originaltasun handia eta ideia berriak. Izan ere, bakoitzak bere estiloa zuen, baina estilo horren mugen barne geratu barik, beste estilo batzuen eraginak ondo hartzen dituztela erakutsi zuten. Rock ukituko popa, heavya gogorarazten zuen rock gogorra, gurean ezohikoa den stoner estiloa… denetarik entzun zen.

Alderdi teknikoa ere inoiz baino hobea izan zen. Soinu eta argi baldintzak talde bakoitzari ondo egokitu zitzaien, ahalik eta giro aproposena lortzeko.

Finalisten izenak, 'Asteleheneko Goienkaria'-n

Sailkapen fasea horrenbestez bukatu zen, eta epaimahaiaren erabakia, beste inon baino lehenago, Asteleheneko Goienkaria-n jakin ahal izango duzue, abenduaren 20an. Finalisten izenak, zergatik aukeratu dituzten, eta lehiaketaren gaineko balorazioa jasoko du aldizkariak. Horrez gain, epaimahaikide bakoitzak lehiaketaren alderdi batez berba egingo du.

Eta, ohi bezala, joan den egubakoitzeko emanaldiaren kronika eta lau taldeen gaineko hainbat iritzi eta argazki ere jasoko ditu Asteleheneko Goienkaria-k; baita SMS bidezko botoen orain arteko emaitzak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak