Danbaka: laugarren emanaldiaren gaineko kritikak eta argazkiak

Goiena 2004ko abe. 9a, 18:35
N_OPH, Los Cretinos, Supercools eta Ostiada Oi! taldeak izan genituen Danbakako laugarren kontzertuan. Lehiaketako maila bikainari eutsi zioten taldeek, barietate handiko saio baten.

N_OPH (Arrasate)

N_OPH (Arrasate)

Adituak esana / Iñigo Herreros, musikazalea

Nahiz eta nire gustuko estiloa ez izan, esan behar dut iruditu zaidala oso ondo prestatuta etorri direla, eta onartu behar zaie, euren lehenengoetariko kontzertu bat izateko, ondo aritu direla. Gainera, abeslariak ahots bikaina du.

Ikusleek esana / Imanol Soriano

Ezohikoak dira gurean; beharbada ez gaude oso ohituta horrelako musika entzutera. Talde ona iruditu zait, musika aldetik eta bai abeslariak zelan dantza egin duen ere. Beharbada eszenaratzeak irabazi egingo luke beste bi dantzarirekin.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Hirugarren kontzertua zuten, baina, hain iritsi berriak izateko, nahikoa heldutasun erakutsi zuten, eta meritu handia, euren trance estiloak gurean zale asko ez dituela eta jendeak dantza gutxi egiten duela kontuan hartuta.

Taldekideek esana

Oso gustura aritu gara. Ni neu (abeslaria) oso pozik nago zelan jardun dudan, eta horixe da niretako garrantzitsuena, publikoaren erantzuna dena delakoa izanda. Guretako une bereziena izan da gure euskarazko kantu bakarra jo dugunean, beste guztiak ingelesez dira eta.

Los cretinos (Arrasate)

Adituak esana / Iñigo Herreros, musikazalea

Hasi, apur bat motel hasi dira, baina hobetzen joan dira, eta azkenean taldeak dezente eman du, baina ez eurek ahal duten bezainbat; euren zuzenekoak oso indartsuak izaten dira, eta gaur apur bat ahulago ikusi ditut.

Ikusleek esana / Imanol Soriano

Oso musika alaia eta mugitzeko aproposa iruditu zait talde honena; giroa animatu dute. Ahotsarekin zorte txarra izan dute beharbada. Bestalde, harmonikaren ukitua asko gustatu zait. Emanaldi ona iruditu zait, oro har.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Euren rock klasikoak une freskoenak eman zituen. Bizitasun handiz jardun zuten, azken orduko baja bat izateari aurre eginez. Abeslariak primeran gidatu zuen taldea eta uhin positiboz bete zen antzokia. Saio eder, animatu eta denek entzuteko modukoa egin zuten.

Taldekideek esana

Aurrealdean, jendeak zioen ez zela ondo entzuten, eta geuk ere ez genuen gure burua ondo aditzen, baina saioa ondo joan da. Baxu jolearen lana benetan eskertzen dugu, kontuan hartuta azken orduko ordezkapen bat izan dela.

Supercools (Bergara)

Adituak esana / Iñigo Herreros, musikazalea

Eurek ohi duten bezala, oso indartsu jardun dute gaur gauean ere. Gitarraren soka apurtu eta arazo batzuk izan dituzten arren, kontzertua oso ona izan da, ohituta gauzkaten bezala: indartsua eta garbia. Finalerako aukera handiak izango dituztela deritzot.

Ikusleek esana / Imanol Soriano

Oso talde ona iruditu zait, eta asko gustatu zait euren kontzertua: bizia, zuzena, ondo sakatuz… oso onak. Esango nuke orain arte entzun ditudanetatik onenak izan direla.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Oso profesional jardun zuten, batez ere abeslariak: agertokian sekulako presentzia erakutsi zuen eta abestiak oso ondo interpretatu zituen. Euren estiloan onak dira baina, estiloa ezagutzen ez dutenendako, entzuteko zailak.

Taldekideek esana

Gustura ibili gara agertokian eta gustura gaude dena zelan joan den, orokorrean, nahiz eta gitarraren soka apurtu zaigun. Gure betiko estiloko emanaldia egin dugu. Publikoa ohi baino lasaiago egon da, baina ondo erantzun digu. Lasai geunden, ez gara eta lehiatzera irten.

Ostiada Oi! (Elgeta, Arrasate eta Bergara)

Adituak esana / Iñigo Herreros, musikazalea

Euren hainbat zuzeneko ikusi ditut eta, normalean, beste jarrera bat izaten dute agertokian; gaur ez zeuden ohi bezala, apur bat hotzago ikusi ditut. Jendearekin harreman askoz ere beroagoa izaten dute, eta gaur hotz ibili dira, baina jendeak ondo erantzun die, hala ere.

Ikusleek esana / Imanol Soriano

Amorruz betetako taldea da. Letra zuzenak, garbiak, zituzten. Gustatu zait taldea, bai. Eszenaratze ona egin dute. Hasieran apur bat sufritu dute soinu arazoengatik, baina gero ondo aritu dira.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Hasieran, deseroso ibili dira, soinu arazoekin; horregatik, eszenaratzea ez zen behar bezain ona izan. Baina euren benetako kemena azaldu zuten, zuten dena eman zuten eta oso gustagarri eta indartsu bukatu zuten.

Taldekideek esana

Zenbait arazo izan ditugu, baina gu betiko moduan aritu gara. Disfrutatzera irten gara eta disfrutatu dugu, bai. Publikoak ere ondo hartu gaitu; ez normalean bezain bero, baina ondo hala eta guztiz ere, eta pozik geratu gara. Antzokia ere aproposa iruditu zaigu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak