Danbaka: Hirugarren emanaldiaren gaineko kritikak eta argazkiak

Goiena 2004ko aza. 22a, 17:11
Izas, Isarevolution, Malenkonia eta Muted taldeek jo zuten joan den egubakoitzean. Danbakak hiru emanaldi izan ditu, eta azkenekoa beroenetariko bat izan zen. Hemen bildu ditugu talde bakoitzaren emanaldiaren gaineko kritikak eta kontzertuko argazkiak.

Izas (Elgeta)

Izas (Elgeta)

Adituak esana / Iñaki Iglesias, musikaria

Kantautoreak, orokorrean, ez dira gustukoen dudan generoa. Hala ere, Izas oso ondo ikusi dut. Gogo handiz eta intentzio onenekin igo da agertokira. Emanaldi ona iruditu zait.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria Izugarrizko emanaldi ona egin zuen Izas bakarlariak. Sentimendu eta izaera handiko abeslaria dela erakutsi zuen. Bere estilo propioa du, eta, generoa gustatu edo ez, errespetua pizten duen bakarlari horietakoa da. Gainera, gaueko ahots onena berea izan zen. Erakutsi zuen gitarra eta ahots hori nahikoa dituela jendearen txaloak jasotzeko.

Ikusleek esana / Oihana Sarasua

Neu bereziki Izas ikustera etorri naiz, eta oso-oso gustura geratu naiz. Piloa gustatu zait bere emanaldia. Segurtasun handiz jo du, bere buruaren jabe.

Bakarlariak esana

Oso-oso urduri nengoen, hasteko. Neure buruari akats batzuk ikusi dizkiot emanaldian. Gainera, fokuekin, ez nuen batere ikusten, eta horrek ere eragina izan du. Hala ere, oso gustura geratu naiz zelan jardun dudan. Publikoa ere oso ondo portatu da. Lagun-taldeko kide asko zeuden eta etxean bezala sentitu naiz.

Isarevolution (Arrasate-Eskoriatza)

Adituak esana / Iñaki Iglesias, musikaria

Asko gustatu zait Isarevolution; beharbada, gaueko onenak izan dira, nire iritziz behintzat. Hainbeste gustatu zaizkit, hain zuzen, originalenak izan direlako. Estilo diferentea dute, eurena, eta hori gustuko dut.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Eszenaratze ikusgarria zuten, taldekideek ondo mugitzen zekiten agertokian, eta estilo oso pertsonala, zorroztasuna eta melodia uztartzen. Abeslariak bere buruarengan konfiantza handia zuen, eta abesteko modua gero eta hobea izan zen emanaldiak aurrera egin ahala.

Ikusleek esana / Oihana Sarasua

Ez da gustukoen dudan estiloa eta ez naiz eurak entzutera etorri, baina egia esan, asko gustatu zait euren kontzertua. Ez nuke jakingo alderdi hau edo bestea nabarmentzen: estiloa, agertokian zelan ibili diren… oro har, dena gustatu zait.

Taldekideek esana

Bikain pasatu dugu agertokian, eta gure burua oso ondo ikusi dugu. Benetan gustura geratu gara lehiaketaren eta kontzertuaren gaineko denarekin: gure emanaldiarekin, lekuarekin, publikoaren erantzunarekin… Lehiaketako antolaketa ere oso ona izan da.

Malenkonia (Oñati)

Adituak esana / Iñaki Iglesias, musikaria

Txepelak iruditu zaizkit, pixka bat aspergarriak ere bai… Agertokian ere ez dira oso ondo ibili, nire ustez, eszenaratzea makala izan da eta. Sumatzen zaie iritsi berriak direla honetara eta berde samar daudela.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Ez dute oraindik esperientzia luzea, eta nabaritu zitzaien; alor batzuk sakondu behar dituzte (ahotsa, esaterako), baina gauza asko dituzte alde: estilo propioa dute, emozioak ukitzen eta sortzen dakiten abestiak; doinu politak egiten dituzte eta konposizio aldetik interesgarriak dira.

Ikusleek esana / Oihana Sarasua

Asko gustatu zait Malenkonia; Izasen ondoren gehien gustatu zaidan taldea da. Egia esan, arratsalde partean ere izan nuen eurak entzuteko aukera, Espaloiko entseguan entzun ditudalako, eta izugarri gustatu zaizkit.

Taldekideek esana

Gure bigarren kontzertua izateko, oso gustura gaude, nahiko ondo jo dugula uste dugu eta. Esan behar da oso urduri geundela, baina Oñatiko jende asko eta, tartean, gure lagun asko etorri zaizkigu animatzera, eta horrek beti laguntzen du lasaiago egoten.

Muted (Arrasate-Abadiño)

Adituak esana / Iñaki Iglesias, musikaria

Nik txandal-metal deitzen diot Muted taldearen estiloari. Tira, ez zait musika mota hori larregi gustatzen, ez da nire estiloa. Malenkonia bezala, talde hau berde samar dagoela iruditzen zait.

Kazetariak esana / Leire Kortabarria

Post-metala, technoa, hip-hopa… Ez da erraza horiek ondo uztartzea, baina Muted-ek lortzen du. Ezohiko taldea da, ezohiko kemenarekin jardun zuten eta zuzeneko borobila egin zuten. Orain arteko talde onenetariko bat da, batez ere arlo instrumentalean. Finalista? Ez litzateke batere harritzekoa.

Ikusleek esana / Oihana Sarasua

Estiloa gustuko dut, baina taldeak ez dit aparteko inpresiorik egin. Batzuei entzun diet esaten irabaziko dutela… hori ez dakit, neuri behintzat balekoak besterik ez zaizkit iruditu.

Taldekideek esana

Nahiko ondo joan delakoan gaude. Neka-neka eginda geratu gara, mugimendu handiko emanaldia egin dugulako, baina pozik gaude, izan ere, ahal dugun guztia egin dugu. Jendea oso animatuta ikusi dugu, batez ere Bizkaitik etorri zaizkigun gure zale leialak. Lekua oso ondo dago, eta akustika bikaina izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak