Urte osoa prestakizunetan egon ondoren, erantzun ezin hobea jaso zuten atzo, domeka, Zarautz eta Orioko ikastolek euren egun handian. Kilometroak 09:30ean hasi zen, eta ordu erdi batera jendetza handia zebilen ibilbidearen 14 kilometroak egiten. Eguraldia gainera, aparta izan zen, eta antolatzaileak pozik azaldu ziren.
Lekukoa arizmendiri
Zarautz-Orioko Kilometroak jaiak atzo izan zuen arrakasta ikusita halakoxea nahiko lukete datorren urteko ekitaldiaren antolatzaileek, Arizmendi ikastolakoek. Izan ere, Debagoienean izango da 2005ean Kilometroak jaia, Leintz bailaran, hain justu ere, eta Arizmendi ikastola arduratuko da guztia antolatzeaz. Atzo egin zuten ofizial: Joserra Zubizarreta Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko presidenteak lekukoa eman zienean Txaro Iraeta Arizmendi ikastolako zuzendariari eta Mikel Lezamiz presidenteari.
Aurrelan handia
Halako jaiek lan handia dute, ezin da lo geratu, eta Arizmendikoek badihardute dagoeneko prestakizunetan. Logotipoa eurak kontzeptua esaten diote eta leloa badituzte: grafiti baten gainean marraztutako Plazara hitza da, hain zuzen, aukeratutako leloa, Arizmendi osatzen duten hamaika guneetan galdeketa egin ondoren erabakitakoa.
Gipuzkoako ikastolen jaia prestatzeko, hainbat lantalde osatu dituzte: salmenta taldea, arte eta sormen taldea, kirol taldea, zirkuitu taldea... Antolatzaileen esanetan, dagoeneko 500 boluntariok eman dute izena. Gainera, antolatzaileek zera nahi dute: bakoitzak gehien gustatzen zaion eta ondoen egokitzen den arloko lan taldean ematea izena. Bestalde, urtean barrena lan egiteko 800 bat boluntario beharko dituztela gaineratu dute. Hala, interesa dutenek telefono zenbaki hauetara dei dezakete: 943 79 31 32 edo 943 77 20 25. E-postaz ere eman daiteke izena: kilometroak05@arizmendi.ikastola.net.
Ilusio handia
Antolatzaileek ilusioz dihardute eta uste dute aukera hau ezin hobea dela Arizmendi gorpuzteko eta ikastolarendako dirua lortzeko. Izan ere, esan dute askoren ustearen kontra Arizmendik ere dirua behar duela, handitasuna ez da berdin aberastasuna gehitu dute.