Lau debagoiendar omenduko dituzte Gipuzkoako Artzain Egunean

Goiatz Arana Begiristain 2004ko ira. 1a, 19:06
Datorren domekan, iraileko lehenengoan, Gipuzkoako Artzain Eguna ospatuko da Legazpin. Egun horretan, txapelketa eta erakusketa artean, omenaldia egingo diete euskal artzainei; horietatik lau debagoiendarrak dira.

Euskal Herriko animalia zaharrenetakoa dugu ardia, gure lurraren nortasun zati bat gordetzen duena, eta euskaldunak maitea du ile luze eta latzeko animalia hori. Asko izan dira urtetan artzaintza munduan murgilduta ibili direnak, eta urtero ospatu ohi den Gipuzkoako Artzain Egunak euskal artzain horiek omentzea du xede. Bost lagun izango dira aurten omenaldia jasoko dutenak, horietatik lau debagoiendarrak.

Fermin Munduate

Fermin Munduate da horietako bat, 64 urte ardiei eskaini dizkien Eskoriatzako Romalate baserriko semea. Fabrikara joateko bi eskaintza izan omen zituen bere garaian, eta amak harako bidea hartuta asmatuko zuela esaten omen zion, aitak, berriz, baserritik bizimodua aterako zuela. Aitari moduan Fermini ere gustatzen zitzaion ardiekin lan egitea, eta halaxe egin du urte hauetan denetan.

Lehengo eta gaurko garaiak alderatuz, lehen zailtasunak gehiago zirela dio, baina ilusioak guztia gainditzen zuela. Gaurko gazteek, ordea, beste filosofia bat ei daukagu.

Oraindik ere baditu ardiak, anaiak eta ilobek laguntzen diote horiek gobernatzen. Domekan Legazpin izango dela ziurtatu digu, eta berarekin gogoratu izanak ilusio handia egiten diola aitortu.

Frantziska Lete

Fermin Munduaterekin batera, Itxasoko Miguel Usabiaga, Oñatiko Eurgina baserriko Gregorio Arrejola, eta Aretxabaletako Urzabaleko Pedro Bengoa eta Frantziska Lete senar-emazteak omenduko dituzte domekan.

Biloben konpainian harrapatu dugu Frantziska lekak biltzen eta txikitzen. Artzaintza kontuei buruz, etxeko maisua senarra izan dela dio, eta berak lagundu egiten ziola, arkume garaitan batez ere.

Gogoan ditu senarrak eta biek Degurixan igarotako udak. Egun ere badituzte ardiak, 60 inguru, eta suilak laguntzen die horiekin. Domekarako egindako gonbidapenari, berriz, ezin ezetzik esan.

Egitarau oparoa

Artzainei egindako omenaldiekin batera, gazta, artzain txakur eta ardikien lehiaketak, artisau eta latxa arrazako ardien erakusketak eta giro ona izango ditu osagai euskal artzaintzaren inguruko egun handiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak