Gazte asanbladen arteko elkarlana bultzatuko dute aurrerantzean

Jon Berezibar 2004ko uzt. 26a, 10:42
Bailarako asanbladen arteko harremanak sendotu eta elkarrekin ekintza bateratuak egiten hasteko, Debagoieneko Gazte Asanbladen I. Topaketa egin zuten zapatuan Arrasaten.

Eskualdeko asanblada guztiek esku hartu ez bazuten ere, bertan egon ziren Arrasate, Aramaio, Antzuola, Elgeta eta Aretxabaletako ordezkariak. Arrasatekoak izan dira aurtengo anfitrioiak, eta bileretan bailarako 50 gazte izan ziren. Hauetaz gain, Barañain, Irun, Gasteiz eta Santutxuko gaztetxeetakoak ere egon ziren arratsaldean.

Harremanak estutu eta asanbladen egoera ezberdinen gaineko hausnarketa egiteko aitzakia izan zen lehen topaketa hau.

Esperientzia trukaketa

Bailarako asanblada gehienak hasiberriak dira, eta topaketa honekin esperientzia trukaketa egin nahi izan zuten, Aretxabaletakoaren kasuan moduan, oraindik ere eratze prozesuan dagoena. Guztietatik beteranoena Arrasateko asanblada da, eta eztabaiden bultzatzailea izan zen.

Giroa berotu eta elkar ezagutzeko, jokoekin hasi zuten goiza partaideek. Ondoren, talde txikiagoetan, eztabaida taldeak egin zituzten eta bukaerako asanblada nagusian, hausnarketa orokorrarekin amaitu zuten.

Elkarlana eta komunikazioa, ardatzak

Elkarlana ezinbestekotzat jo zuten asanblada guztiek, eta horretarako materiala elkartrukatzea ikusi zuten aukera moduan; kontuan izandaAntzuolako, Aramaioko eta Aretxabaletako asanbladek gaztetxerik ez daukatela. Komunikazioari dagokionez, webgunea ipiniko dute martxan. Lehen urte an Arrasatekoak arduratuko dira kudeaketaz, baina lan hau asanblada guztiek egin beharko dute.

Bigarren ardatz garrantzitsua komunikazioa izan zen, ekintzak antolatzeko orduan harremanak lantzea izango litzatekeena. Horri dagokionez topaketaren helburua bete egin zen, taldeek konfiantza hartu baitzuten etorkizuneko bileretan gai zehatzagoak aztertu ahal izateko. Lehen saiakerak, beraz, harremanak landu zituen batez ere. Kooperazio ekimenekin jarraitzeko, Debagoieneko gazte asanbladen hurrengo topaketa datorren irailaren 11n egingo dute, Elgetan.

Ondo pasatzeko aukera

Baina zapatukoa ez zen bilera eta hizketarako eguna bakarrik izan, topaketa festarako aitzakia ere izan baitzen. Bilerekin goizean goiz hasi baziren ere, eguerditik aurrera eztabaidak baino garrantzia handiagoa hartu zuen ondo pasatzeak.

Eguerdiko ordu bata eta erdietan prentsaurrekoa egin eta gero bazkaria izan zuten gaztetxean. Bailarako asanbladetako kideez gain, Euskal herriko beste zenbait gaztetxeren ordezkariei ongietorria egin zieten. Euren esperientziaren berri emateko bertan izan ziren Barañain (Nafarroa), Santutxu, Gasteiz eta Irungo gaztetxeen ordezkariak, bailarakoak baino egoera zailagoan daudenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak