Epaitegian euskaraz egitea eskatu dute kanpaldi baten bidez

Jon Berezibar 2004ko uzt. 12a, 11:00
Hizkuntza eskubideak aldarrikatu eta epaitegietan euskarari ematen zaion tratua salatzeko, kanpaldia egin zuen ibarreko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak Bergaran. Egubakoitzean hasi eta zapatu arratsaldera arte, hainbat ekitaldi antolatu zituzten, hizkuntza aldarrikapenak eta jaia uztartuta.

Kanpaldi horren bidez, modu berezian salatu nahi izan dute euskararen egoera Bergarako Epaitegian. Izan ere, Bergara moduko herri baten, gehiengo euskaldunarekin, epaitegiko funtzionarioen %30ak bakarrik daki euskaraz, eta epaileetatik batek ere ez. Debagoieneko EHEk egoera horrek dakarren hizkuntza eskubideen urraketa salatu nahi izan du.

Egubakoitzean hasi ziren kanpaldiarekin, eta herrian kalejira egin ostean, afari-merienda egin zuten euskaltzaleek. Guztira 12 denda ipini zituzten Arrizuriaga parkean, eta zapatuan egin zuten salaketa ekitaldia, herriko kaleak zeharkatu zituen manifestaldiarekin.

Aldarrikapenen ardatz moduan epaitegia hartu bazuten ere, Jaurlaritzaren euskalduntze planaren porrota eta azken atxiloketak ere salatu zituzten. Ibarreko EHE Bergara, Aretxabaleta eta Arrasateko taldeek osatzen dute, guztira 25 bat lagunek.

Gernika, eredu

Zapatuko manifestaldian Gernikako EHEkoak izan zituzten gonbidatu bezala, hauen borroka ezagutzeko asmoarekin. Izan ere, epaitegiari uko egiteko kanpainari ekin zioten. Epaitegi erdaldunen aurrean intsumisioa aldarrikatzen dute gernikarrek. Azkenean, bi urteko borrokaren ostean, hango epaitegia neurri baten euskalduntzea lortu dute.

Debagoiendarrei dagokienez, bizkaitarren borroka eredu bezala hartzen dute, baina euren lehentasuna herritarren sentsibilizazioa da, eta hori lortzeko, aurki ekitaldi gehiago egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak