Udal bakoitzak erabaki beharko du hiltegiarekin zer egin nahi duen

Leire Kortabarria 2004ko uzt. 1a, 15:30
Mankomunitateak proposatzen dio ibarreko udal bakoitzari uztailerako, Osoko Bilkuran, erabaki dezala hiltegiaren etorkizuna dela-eta zer egin nahi duen, hau da, zerbitzuaren barne jarraitu edo ez. Halaxe adostu zuen Mankomunitateko batzordeak atzo, eguaztena, Leintz Gatzagan izan zuen batzarrean.

Hemendik eta uztailaren 28ra bitartean, ibarreko udal bakoitzak Osoko Bilkuran erabaki beharko du Zubillagako hiltegiaren aurrean zein jarrera hartzen duen. Egun horretan bertan izango du Mankomunitateak hurrengo batzarra, eta han gai hori berriro landu nahi du. Erabaki hori hartu zuen batzordeak gehiengoz: zazpi aldeko bozka, aurkako bi eta bost abstentzio.

Bileran, beste iritzi batzuk mahairatu ziren. Esaterako, Eskoriatzako eta Oñatiko udalek proposatu zuten denbora gehiago hartzea gaia aztertzeko. Bestetik, PSE-EE alderdiak proposatu zuen Zubillagako hiltegiaren jarduera urtebetez luzatzea, oraingoz, eta Eusko Jaurlaritzari bideragarritasun txostena egin dezala eskatzea. Proposamen hori bera mozio bidez aurkeztuko du udaletan.

Bestalde, Hiltegia Bizirik plataformak protesta bilkura egin zuen Gatzagako udaletxe aurrean, berriro ere hiltegia itxi ez dezaten eskatuz. Plataforma honen iritziz, Mankomunitateak hartutako erabaki berri hori ez da zuzena, Udalei pasatzen baitie arazoa, beste inongo proposamenik entzun gabe, eta behar adinako informazioa eman gabe. Taldeak dio ados dagoela oraingo hiltegiaren eredua ez dela bideragarria, baina, ibarreko ordezkarien iritziz, irtenbidea ez da itxiera, baizik eta beste kudeaketa sistema bat. Kudeaketa horretan parte hartzera prest geundeke; hori bai, ezinbestekoa da erakunde publikoen interbentzioa, diote Debagoieneko ordezkariek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak