Espaloia Kafe Antzokia zabaldu dute Elgetan

Usoa Agirre 2004ko eka. 24a, 13:35
Elgetakoek gehiagotan gozatuko duten arren, kontuan izan behar da 15 kilometroren bueltan 100.000 biztanle bizi direla. Pentsatzekoa da inguruko herrietatik ere jendea etortzea Kafe Antzoki honetara. Kontzertu leku aproposa, antzerkirako ondo prestatua, egoteko leku elegantea: Espaloia Kafe Antzokia.

Espaloia Aretoan dagoen Mac portatil batetik nago idazten. Pijo xamarra dirudi, baina egia esan niri oso ondo etorri zait Sustaturako artikulu hau egiteko. Hemen erabaki dute Internet zerbitzua ematea, WIFI bidez eta kobratu barik. Ez dakit zenbaterainoko bizitza izango duen portatil honek, edariren bat jausiko zaio gainera… Hala ere, kable barik nabigatzen egoteak badu bere zera. Badakizue, zera.

Orain dela ordu erdi zabaldu dira Espaloia Kafe Antzokiko ateak. Bertan izan dira Elgetako Alkatea, Kultura Batzordeko Zinegotzia, Espaloia Antzokiko langileak, Espaloia Koop. E.-ko partaideak… Hartu dituzte medioak sofa moderno batzuetan, ardo ona eta pintxoak ere baziren. Han jaso ditugu berba hauek:

Helburua

Espaloia Kafe Antzokia sortzen da helburu nagusi batekin: Kultura eskaintza egitea ahalik eta modu duinenean. Helburu horrekin jantzi da areto guztia eta aretoaren kudeaketa ere horretara bideratua izango da. Ordezkarien esanetan, Bilboko Arriagan txukun egiten dira ekitaldiak, berdin Bilboko Kafe Antzokian edo Donostiako Antzoki Zaharrean Eta herri txikietan zer? Kultura eskaintza modu duinean egin behar da. Frontoietan kultura egitea Ez Dok Hamairuko garaietakoa da.

Aretoak dituen baliabideak

  • Eszenategiko argiztapenean 50.000 watio 104 zirkuiturekin, 4x3ko proiekzio pantaila, soinuan 4.800w nominal, taberna, 70 lagunendako jatetxea… 500 metro kuadroko antzokia da Elgetakoa.
  • Prentsa aurrekoan esan dutenez, Udalak inbertsio handia egin du aretoan eta Goibeko kultura elkartea nagusi den kooperatibak, Espaloia koop E.-ak, ere ia 200.000 euro jarri ditu.

Prentsa aurrekoan jaso ditugun hitzak

  • Udaleko ordezkarien esanetan, Udalaren iritziz, bide egokiena da elgetarrei kultur eskaintza zabalagoa emateko. Izan ere, alde batetik, Goibekok urtean zehar gutxieneko ekitaldi kopuru bat eskaini beharko du; bestetik, Udalak ere urtean zehar aretoa erabiltzeko gutxieneko egun kopuru bat izango du.
  • Goibeko Kultura Elkartekoek esan dute: Apustu ekonomikoaz gain estrategikoa da Espaloia Kafe Antzokia Goibeko Kultura Elkartearentzako. Helburua da kultura ekitaldiak era duinean eskaintzea. Areto honek ziurtatuko du herritar guztientzako plaza berri bat izatea, kulturarentzako leku zaindua denontzat: ume, gazte, guraso, jubilatu eta herritar guztientzako. Herritarrez gain gura da eskaintza zabaldu, batez ere, Debabarrenera eta Debagoienera, baita Bizkaia aldera ere eta hainbat ekitaldiren bidez Euskal Herrira.
  • Espaloia koop. E.-a sortu dutenek esan dutenez: Kultura izango da helburu nagusia, eta izango dira hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzerkiak, zine-kluba, dantzaldiak etab. Areto honen eskaintzen artean dago enpresei bilera leku moduan uztea ere. Interneteko konexio eta irudi proiekzioaz gain mokadutxoak eta enpresa bazkariak egiteko aukera ere badago. Ezin ahaztu eguneko menuak ere emango direla, izan ere sukaldea eta jantokia izango ditu 70 pertsonentzako.

Hau idazten nagoen denboran edan ditut pare bat ardo on eta baita tortila pintxo goxo bat jan ere. Tarte horretan esan didate Espaloiko arduradunek webgunea ere laster izango dela martxan.

Espaloira joan gura baduzue, aukera polit bat ere aurkeztu digute prentsa aurrekoan:

Ekainak 26, larunbata, 22:30ean antzelana izango da Albadulakek antzeztua. Sarrera 5 euro izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak