Ehundik gora debagoiendar Quebrantahuesos proban, zapatuan

SaioaIgartua 2004ko eka. 21a, 11:00
Quebrantahuesos erresistentzia proba gogor eta luzea egin zuten zapatuan Pirinioetan. Guztira 4.903 parte-hartzaile elkartu ziren. Txirrindulari guztiek 205 kilometroko ibilbidea egin behar izan zuten. Ibilbideari hasiera Sabiñanigon eman zitzaion, goizeko zortzietan, eta leku berean bukatu zen proba, ia sei ordu geroago.

Quebrantahuesos proba nagusian, 205 kilometroko ibilbide horretan, lau portu igo behar izan zituzten: Somport, Col Marie Blanque, Portalet eta Hoz de Jaca. Portu gogorrak denak ere. Baina aurreko urteetan proba horren ezaugarrietako bat gehiegizko beroa izan bazen ere, aurten ez da horrela izan.

Aurtengo edizioan, parte-hartzaileek adierazi dutenez, txirrinduan ibiltzeko eguraldi polita egin du. Portuak igotzeko egokia, nahiz eta portu jaitsieretan haizea eta hotza nagusitu den. Frantzia aldera iritsi zirenean euriak ere egin zuen agerpena. Hori horrela, probaren garailea Ivan Santurde Urrutia izan zen, hura izan zen lehena helmugan, eta 5:57:14 izan zen haren denbora.

Debagoienetik 105 pertsona hurbildu ziren Pirinioetara, eta orokorrean, gustura bukatu zuten denek parte-hartzearekin.

Eguneko protagonistak

Proban parte hartu zuten txirrindulariez gain, egunak eduki zituen beste protagonista batzuk ere. Abraham Olano txirrindulari ohia izan zen horietako bat. Izan ere, Anoetako txirrindulariak omenaldi berezia jaso zuen antolatzaileen partetik.

Eguneko beste protagonista xelebrea txirrindu bat izan zen. Munduko txirrindu handiena aurkeztu zuten, 60 pertsona gainean eramateko lekua dauka.

Treparriscos proba Quebrantahuesos proba ez zen izan zapatuan egin zen bakarra. Izan ere, 205 kilometroko ibilbidea egin gura ez zuenak eduki zuen aukera beste proba batean parte hartzeko: Treparriscos proban, hain zuzen ere.

Aipatutako proba horretan egin beharreko ibilbidea 90 kilometrokoa izan zen, lehen proba n baino 115 kilometro gutxiago. Horregatik, erresistentzia handiagoko edo txikiagoko pertsonek aukera berberak eduki zituzten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak