36ko Gerrako zortzi gorpuzkin aurkitu dituzte Elgetan

Goiatz Arana Begiristain 2004ko eka. 16a, 18:37
Intxortan aurkitu dituzte zortzi gorpuzkinetatik hiru, eta Antsoategi baserri inguruan beste bostak. Aranzadi Zientzia Elkarteak egin du aurkikuntza, donostiar batek bere anaiaren arrastoak aurkitzeko egindako eskaeraren haritik.

1936ko urriaren 4an du hasiera Intxortako historiak. Martiartu, Dragones eta Kirikiño bataioak, besteak beste, bertan finkatu ziren, lurpean egindako zulo batetik frankistek harturiko inguruko herriak kontrolpean izateko asmoz.

Frankistek Zabaletamendi eta Gaztelu hartu zituzten urriaren 4an, baina Errepublikaren aldekoek aise bidali zituzten handik. Zazpi hilabetetan egon ziren gudariak Intxortan, erasoei aurre egiten; borroka eta bonbardaketa ugari izan zen denbora tarte horretan, baina gogorrena apirilaren 20an iritsi zen, Camilo Alonso Vega koronelak hala aginduta. Ondo gordeta zeuden gudariak, eta ezustean harrapatu zituzten etsaiak. Borroka hark 1.200 hildako eta milaka baja eragin zituen. Erasoa gogorra izan zen, ordea, eta 20koaren ondotik beste hainbat etorri ziren hilaren 23a bitartean. Eta hala, airez botatako bonba batek, Intxortako babeslekua zulatu eta barruan geratzen ziren hiru gudariak hil zituen. Gorpuzkin horiek dira 67 urte beranduago Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkitu dituenak.

Donostiar baten eskaerari erantzunez

Jabier Elizegi donostiarraren eskaerari erantzunez egin ditu indusketa lanak Aranzadik, bere anaiak han behar zuenaren susmoa baitzuen hark. Eta Intxortan aurkitutako hezurren artean daude, hain zuzen, Luis Mari Bautusta bere anaia zenarenak. Aurkikuntza eginda, Jabierrek badaki orain bere anaia non dagoen. Pozik dago oso, baina pena du bere senideak mirari hau gertatu aurretik joan direlako mundu honetatik.

Intxortatik Antsoategi baserri ingurura

Aranzadikoek Antonio Iturricastillo izan dute lagun aurkikuntzak egiterako orduan. Gertutik bizi izan du Iturricastillok 36ko Gerra: bere osaba bat, apaiza zena, fusilatu egin zuten, eta behin baino gehiagotan ikusi zituen etsaiak, eskorgetan zeramatzaten gorpuzkinak zulora botatzen. 67 urte geroago, umetan ikusitakoak lagungarri dira Euskal Herriaren historia argitzeko. Iturricastillok esandakoei jarraituz, Intxortatik Elgetan bertan dagoen Antsoategi baserriruntz egin dute Aranzadikoek, indusketa lanekin jarraitzeko. Baserriaren ondo ondoan, lau gorpuzkin aurkitu dituzte, bata bestearen gainean botata. Botak, metxeroa, botoiak, koilara eta sardexka topatu dituzte tartean, eta baita gerrikoko plaka bat ere, Eusko Jaurlaritzaren ikurra daramana.

Antsoategi baserriaren ondoan aurkitutako lau gorpuzkinez gain, bosgarren bat topatu dute atzo bertan, pixka bat beherago.

Gaur eta bihar indusketa lanekin jarraituko dute eta, ondoren, aurkitutako hezurrak Donostiara eramango dituzte historiaren eta antropologiaren ikuspegitik aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak