Aralar Zubillagako abere hiltegia ixtearen aurka azaldu da

Mirari Altube Arrese 2004ko eka. 9a, 17:44
Aralar alderdiak prentsaurrekoa eman du gaur, goizean, Zubillagako abere hiltegiaren gainean duen iritzia azaltzeko. Mankomunitateko azken Gobernu Batzarrean ixtearen aurkako jarrera defendatu zuten, eta gaur, jarreraren arrazoiak eman dituzte.

Xabier Sarasua eta Jose Anjel Antxia Aretxabaletako zinegotziak eta Iñigo Iñurrategi Bergarako zinegotzia izan dira prentsaurrekoan. Euren esanetan, bailarako baserritarrendako galera handia litzateke Zubillagako hiltegiak eskaintzen dien zerbitzua galtzea.

Ixteko emandako arrazoietan akatsak

Mankomunitateak ixteko eman zituen arrazoiak aztertu eta datuak kontrastatu ditu Aralar alderdiak, eta ez dator bat hainbat puntutan. Hona Aralarrek dioena:

  • Gutxienez datorren urtera arte hiltegiak baimen tekniko-sanitario guztiak dituela.
  • Arazo teknikoak dituelako argudiatzeko Mankomunitateko Gobernu Batzarrari aurkeztutako txostenak hainbat akats dituela.
  • Maila bereko inguruko hiltegiekin konparatuta Zubillagakoaren baldintzak oso onak direla.
  • Hiltegiaren diru kontuak aztertu ondoren, hasieran esandako galera ekonomiko handiak zalantzan jartzen dituela. Hiltegiaren gaineko bideragarritasunarengan sortutako zalantzek kostu batzuen (pertsonal gastua) sekulako igoera sortu dutela.
  • Eusko Jaurlaritzak errentagarritasun ataria 10.000 tonatan jarri arren (Zubillagakoa 2.000 tona ingurukoa da), 1.000tik beherako ekoizpena duten eta errentagarriak diren hainbat proiektu daudela.

Aralarren eskaera

Hori jakinda azken Gobernu Batzarraren aurrean zera esan zuen Aralarrek:

  • Hiltegiaren bideragarritasunaren gaineko proposamenak egiteko jarritako epea luzatzeko.
  • Bideragarritasun proposamenak lantzeko behar den informazioa, laguntza eta erraztasunak izan ditzala gaia landu gura duenak. Proiektuak elkarlanean landu behar direla, sektorearen inplikazio eta konpromisoarekin eta erakunde publikoen esku hartzearekin.
  • Eusko Jaurlaritzak ardura zuzena du gai honetan eta politika aldatu beharra duela.

Horrez gain, Mankomunitateari baserriaren inguruan hausnarketa egin beharra dagoela adierazi zion Aralarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak