Lehen lan urtearen balorazio positiboa egin du Aralarrek

Goiatz Arana Begiristain 2004ko eka. 2a, 18:07
Debagoieneko Aralarreko hautetsiek udal lanetan betetako lehen urtearen balorazio positiboa egin dute. Edonola ere, herri plataformen legez kanporatzea dela eta Aralarrek jasotako irainen aurrean minduta azaldu dira. Europako hauteskundeei dagokienez, ordezkaritza lortzea zaila izango den arren, garrantzitsuena orain arteko bidetik jarraitzea dela nabarmendu dute.

Bergara, Elgeta, Arrasate eta Aretxabaletako Aralarreko zinegotziak bildu dira gaur eguerdian Arrasateko Monterron jauregian, udal lanetan betetako lehen urtearen balantzea egiteko. Batasuna eta herri plataformak legez kanporatu izanak hauteskundeak baldintzatu zituela adierazi dute, eta baita legegintzaldirako osatutako udal ordezkaritzak ere. Hauteskundeen ondoren ordezkaritza banaketa egin zenean, Aralar alderdiko kideek legez eman arren botoz ez zegozkien hautetsirik ez zutela hartu berretsi dute, eta baita plataformei udaletan parte hartzeko proposamen zehatza egin zietela ere, aholku batzordeak sortuz.

Borondate politiko falta

Proposamenak mahai gainean jarraitzen duen arren, EAJ-EAko eta plataformetako ordezkariek borondate politiko falta erakutsi dutela eman dute aditzera, eta minduta azaldu dira, egindako ahaleginak egin eta gero, irainduak izan direla ikusita. Gainontzean, urtebete honetan egindako lanarekin gustura azaldu dira Aralarreko alderdi kideak.

Europara begira

Europako hauteskundeetan ordezkaritza lortzea zaila ikusten duten arren, garrantzitsuena orain arteko bidetik jarraitzea dela adierazi dute. Bien bitartean, Herritarren Zerrendaren legez kanporatzea dela eta planto egiteko proposamenak bere horretan jarraitzen duela gaineratu dute.

Gainerako alderdiek behin-betiko erantzuna eman ez duten arren, orain artekoak ikusita, plantoa muturreraino eramatea zaila izango dela aitortu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak