Oñati eta Arrasate Film Laburren Zirkuituaren barne

Usoa Agirre 2004ko mar. 9a, 09:49
Euskara Elkarteen Federazioaren kultura sailak, Film Laburren Zirkuitua izeneko ibilbide kulturala jarri du abian. Martxoaren 3tik apirilaren 2ra bitartean, Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen "Kimuak" bildumako laburrak ikusteko aukera izango da Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan. Oñatin hilaren 25ean izango da film laburren emanaldia, eta Arrasaten berriz, apirilaren 2an.

"Kultur Errota" ez bezala, proposamen berri hau kultur adierazpide bakar batean oinarritzen da, zinean, eta honen barruan, iraupen laburreko ekoizpenetan. Zirkuitu honen helburuak dira eskaintza kulturala aberastea, euskarazko ekoizpena sustatzea eta zinegile eta ikusleek elkar ezagutzea.

Euskal sortzaileen bost labur

  • Basurdea (Ane Muñoz Mitxelena). Komedia, 14 minutu.
  • Terminal (Aitzol Aramaio). Drama, 12 minutu.
  • Dortoka Uhartea (Maru Solores). Fikzioa, 15 minutu.
  • Belarra (Koldo Almandoz). Fikzioa, 10 minutu.
  • Topeka (Asier Altuna). Komedia, 3 minutu eta 30 segundo.

Datozen emanaldiak

  • Martxoak 11: Deustua eta Durango.
  • Martxoak 12: Balmaseda, Soraluze eta Mutriku.
  • Martxoak 13: Altsasu.
  • Martxoak 17: Santutxu eta Ermua.
  • Martxoak 24: Etxarri-Aranatz eta Erandio.
  • Martxoak 25: Oñati eta Areatza.
  • Martxoak 26: Aiara, Getxo eta Azkoitia.
  • Apìrilak 1: Irun eta Atarrabia.
  • Apirilak 2: Irurtzun eta Arrasate.

Emanaldi bakoitzaren ondoren, ikusitako film baten zuzendariarekin solasaldia izateko aukera izango dute ikusleek, galderak egin eta iritziak trukatuz. Arlo horren inguruko ezagutza handitu eta jakinmina ase nahi da emanaldiekin.

Antolatzaile eta babesleak

Egitasmo hau Topagunearen kide diren Euskara Elkarteen beste ekimen kultural bat da. Herri bakoitzeko euskara elkarteak hartuko du bere gain tokian tokiko antolaketa lan guztia, euren herri eta auzoetako euskarazko dinamika kulturala eta euskara sustatzeko asmoz.

Euskara Elkarteen Film Laburren Zirkuitua 2004-KIMUAK, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak babesten du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak