Astelehenetik aurrera GOITB zuntz optiko bidez ere ikusiko da

Leire Kortabarria 2004ko mar. 4a, 17:35
Datorren astelehenetik aurrera, Goiena Telebista Euskaltelen zuntz optiko zerbitzuaren bidez jaso ahal izango dute Debagoieneko bezero guztiek. Gaur sinatu dute hitzarmena Goienak eta Euskaltelek. Ibarreko 4.000 etxetara iritsiko da GOITB zuntz optiko bidez, momentuz. Biharko Goienkarian Leire Kortabarriak egindako erreportaje zabala irakurri ahal izango duzue.

Aspaldiko nahia

Aspaldiko nahia

Datorren astelehenetik aurrera izango da hori posible. Goienak oso iritzi ona azaldu du akordio horren inguruan, eta ez da gutxiagorako: izan ere, aspalditik erakutsi zuen Euskaltelen eskaintzarekin bat egiteko interesa.

Goienako zuzendari nagusi Inazio Arregik zera adierazi digu: “Oso aurrerapauso garrantzitsua da guretako; izan ere, zuntz optikoa geroago eta etxe gehiagora iristen da, eta GOITBrendako ezinbestekoa zen eskaintza horren barruan egotea”.

Euskalteleko Mikel Astorkiza arduradunak, bestalde, honakoa esan digu: “Uhin bidez GOITB jasotzeko arazoak zituzten lekuetarako konponbidea izango da. Era berean, zuntz bidezko telebista seinalea orain arte jasotzen zena baino kalitate hobekoa izango da”.

Orain arte, Euskaltelek normaltasunez eskaini du zuntz bidezko zerbitzua —telefonoa, Internet eta telebista barne—, baina kontratatu duten etxeek GOITB ikusteko aukera galtzen zuten. Izan ere, GOITB uhinez ere hedatzen da —telebista kate generalistak bezala—, eta, kablea kontratatzen zuten etxeek, uhin bidez inongo telebista seinale jasotzeko aukera galtzen zuten. Hitzarmena sinatu eta azken lanak egin ondoren, ordea, arazo hori konponduta geldituko da.

Oinarrizko eskaintzan

Euskaltelek ibarreko herri handienetan —Arrasaten,Aretxabaletan, Bergaran, Oñatin eta Eskoriatzan— eginda dauka zuntz optiko instalazioa. Zuntz optikoa Antzuolan, Elgetan, Aramaion eta Leintz Gatzagan hedatzea faltako litzateke orain.

Euskaltel Leihoa izeneko zerbitzuan egongo da GOITB. Egin beharreko instalazio teknikoak doan dira; gero, hileko kuota jakin bat kobratzen diete erabiltzaileei. Zerbitzu horrek telefonoa, Internet eta telebista hartzen ditu, baina, era berean, telebista kate kopuru bat hartzea doan da.

Telebista analogiko —ez digital— kopuru jakin bat, hortaz, oinarrizko zerbitzuan doa, eta hor sartzen da GOITB. Seinalea hartzeko, Euskaltelen bezeroek S11 kanala sintonizatu beharko dute (231.25MHz).

Euskararekin konpromisoa

Aste honetako hitzarmenarekin, horrenbestez, elkarrizketa eta irtenbide bilaketa asko ekarri dituen ibilbide bat bukatuko da, eta Goienak eta Euskaltelek euren elkarlanean urrats gehiago emateko prest egongo dira. Hain zuzen ere, Goiena 2002ko uztailean hasi zen zuntz optikoak zekartzan aukera berriak aztertzen, eta bere seinalea hor sartzea lortzeko ahaleginetan hasi zen.

Euskaltelek, bestalde, betidanik azaldu zuen konpromisoa euskarazko komunikabideak sustatze aldera, eta, hortaz, GOITB bere eskaintzaren barne sartzea denbora kontua zen. Lorpen hau behin eta berriro atzeratu dutenak arazo teknikoak izan dira, batik bat.

Zuntz optikoa

Zuntz optikoa da Informazio Gizarteak eskura ipintzen dituen zerbitzu eta komunikabide asko garatzeko eta jasotzeko modu bat. Euskaltelek honakoa dio: “Zuntz optikoa beste teknologia batzuen gainetik dago, ikus-entzunezkoak, telefonia eta Interneterako sarbidea bitarteko bakar batean eskaintzen dituelako”. Horrela, bada, bezeroak zerbitzu horiek guztiak enpresa edo hornitzaile bakar batekin kontrata ditzake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak