Neguko egunik hotzena

Goiatz Arana Begiristain 2004ko mar. 3a, 15:13
Neguko egunik hotzena izan da gaurkoa. Debagoieneko herrietan tenperaturak bi eta hiru graduren bueltan ibili dira zero azpitik. Gipuzkoan baino hotz handiagoa Araban egin du, ordea, eta Gasteizen termometroek zortzi gradu zero azpitik harrapatu dituzte goizean. Atzo ez bezala, gaurkoan izotz plaka ugari izan da.

Elurra botatzeari utzi dio baina maindire zuria ageri da oraindik ere zenbait tokitan. Izan ere, tenperatura baxuak dira nagusi egunotan, eta elurra desegiten ez baino gogortzen ari da. Goitbk eta Arrasate Irratiak jasotako datuen arabera, gure ibarreko termometro gehienek bi eta hiru gradu zero azpitik markatzen zituzten goizeko lehen orduan. Bi zero azpitik, Arrasaten, Oñatin, Antzuolan eta Bergaran; eta hiru zero azpitik Eskoriatzan, Aretxabaletan, Gatzagan eta Aramaion. Elgeta izan da zerotik gertuen ibili dena; goizeko zazpiak aldera zero azpitik gradu bakarra markatzen zuen bertako termometroak.

Bart gauean izotz plaka ugari sortu da hotzaren ondorioz, eta goizean tentuz ibili behar izan dute bai auto gidariek eta bai oinezkoek.

Eskoriatzako Udaletxea zintaz inguratua

Eskoriatzako Udaletxeko teilatuko elurrak erortzen hasi dira, eta horrekin batera, teila bat ere jausi da lurrera. Udaltzainek zintaz inguratu dute Udaletxea, bertara joan behar dutenak tentuz ibil daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak