Elurra dela eta, astebururako antolatuta zeuden makina bat ekitaldi, bertan behera gelditu dira. Batzuk, jarri dute hurrengo zitaren data. Beste batzuk, ordea, ez dute erabaki. Hauxek dira bertan behera gelditu diren ekitaldietako batzuk:
- Elkarriren sinadura bilketa. Zapatuan egin behar zuten. Datorren zapatuan, martxoaren 6an, egingo dute.
- Arkularien txapelketa, Oñatin. Domekan zen egitekoa. Datorren domekan egingo dute, Zubikoa kiroldegian, 17:30etan.
- Futbola. Maila guztietako partiduak suspenditu dira. Ez bakarrik Debagoienekoak, Gipuzkoan jokatu behar ziren guztiak gelditu dira bertan behera. Ez dute data berririk jarri.
- Dorletako Ama txirrindulari eskolaren aurkezpena, Leintz Gatzagan. Zapatu goizean loreak eskaini behar zizkieten Amari, eta eguerdian, txirrindularien aurkezpena egin behar zuten herrian. Datorren zapatuan izango da.
- Koldo Amestoy kontalaria, Eskoriatzan. Egubakoitz iluntzean zen etortzekoa. Ez dute beste datarik jarri.
- Kontzertuak. Arrasateko gaztetxean, Lor eta Zendu taldeak jo behar zuten. Elorriokoak ez ziren etorri eta Zendu eta Ozen arrasatearrek eman zuten kontzertua. Elgetako gaztetxean ere, zapatuan, kontzertua zegoen, baina bertan behera gelditu zen. Bergarako gaztetxean, bi taldek jo behar zuten, zapatuan, baina bakarrak jo zuen. Soraluzen, gaztetxean, Oñatiko hiru taldek jo behar zuten, Golpe de estado, Banda munizipala eta The Drakes taldeek, baina ezin izan zuten joan eta suspenditu egin zen kontzertua.
Bestelakoak
Debagoineko errepideetan arreta handiz gidatu behar izan da asteburu osoan, baina, zorionez, ez da istripurik izan. Portuak ixita egon dira ordu batzuetan. Elgeta izan da okerren egon den herria. Antzuolan, argirik gabe egon dira zapatu iluntzetik domeka gauera arte. Bergarako hainbat tokitan ere, zapatu gauean argia joan zen, eta domekan, 11:30ak aldera itzuli zen.
Debagoieneko hainbat preso ere, bisitarik gabe gelditu dira asteburu honetan. Senitarteko eta lagunek ezin izan dute espetxeetera joan.
Alde onak
Arazoak arazo, edur zaleek ederki gozatu dute asteburu honetan. Haurrek, gordeta zituzten trineoak atera dituzte, eta trineoak ez zutenak, plastiko gainean ibili dira edurretan. Irudi politak ere utzi ditu edurrak.