ETAren su-etena Katalunian, debagoiendar batzuen iritziak

ArrasateIrratia 2004ko ots. 19a, 11:43
ETAk su-etena iragarri du Kataluinarako. Iragarpenak, sekulako zalaparta ekarri du eta hankaz gora jarri du politika. Gai honi buruz, Arrasate Irratian, debagoiendar batzuen iritzia jaso dute.

Bi herrialdeei zuzendu die ETAk agiria: Kataluniari eta Euskal Herriari. Kataluniako egoera politikoak eragin omen du jarrera aldaketa hau. Agiriak otsaileko data du.

Josu Tornay, arrasaten bizi den kataluniarra

Nire ustez su etenaren iragarpena ez dator une onean. Gehiengo absolutua ekarriko dio alderdi popularrari, eta hori ez da ona. Iragarpen horrekin, boto españolistak gora egingo du. Su-etenaren albistea, objetiboki begiratuta ona da, baina eragin txarra izango du.

Nik eta beste kataluniar askok ez dugu inoiz ulertu, ea zergatik ETAk atentatuak egiten zituen Kataluinan. Espainiaren aurka borrokan bada, zergatik Kataluinan? Baina hori hasieratik ez dugu ulertu. Nik atzo ERCko lagun batekin egin nuen berba, nire lagun hau alderdian sartuta dago, eta esaten zidan ETAren iragarpena ez zaiela gustatu, bereziki uneagatik.

Xabier Sarasua, Aralar

Iragarpenak badu alde positiboa. Aurrerapausoa da nahiz eta ikaragarria ez izan. Hala ere ez da nahikoa. ETAri mugagabeko su-etena eskatzen diogu. Uste dut ondorioak ekarriko dituela iragarpenak. Batetik, hauteskunde garaian dator eta emaitzei eragingo die. PPri boto mordoa emango dizkio. Bestetik, Carod Rovira ere egoera zailean uzten du iragarpenak.

Ander Etxebarria, arrasatearra

Albiste kuriosoa da. Su-eten bat edo aktibitate uzte batek edozein gatazka bizi duen edozein gizartetan sortu beharko luke sentsazio positiboa. Nahiz eta su-eten mugatua izan bai denboragatik,behin behinekoa, eta bai espazioan, lurralde jakin batera zentratzen delako. Baina, ez. Erreakzio gehienak kontrakoak izan dira. Zergatik izan da horrela? Bada, momentu politikoa berezia delako. Batetik, su-etena dator Carod Rovira ETArekin elkartu ostean, eta bestetik, hauteskundeen aurre kanpainan.

Gaur elkartuko da, itxura denez, Kataluniako hirukoa. Eta seguru aski erabaki bat hartu beharko dute. Edo erabakitzen dute hemendik hauteskundeetara ezer ez aldatzea eta Gobernua mantentzea edo erabaki dezakete ERC Kataluniako Gobernutik kanporatzea. Aurreko krisia ikusita (Carod)eta zelan egoera salbatu zuten, ba agian, horrelako zerbait etorriko da. Zerbait originala.

Ez dut uste oraindik gobernua desegingo denik. Aldaketaren bat egongo da. Ez dut uste hirukoa eroriko denik. Horretan saiatuko da PP, PSOEri presio eginez. PSOE barruan ere, hirukoa apurtzeko saiakerak ikus daitezke.

Carod Rovirak dio berak ez zuela negoziatu inongo su-etenik, gainera, tranpa politikotzat hartu du su-eten hau.

Ni sinisten diot Carod Rovirari. Aurretik bere ibilbidea apur bat ezagututa, iruditzen zait pertsona koherentea dela, ezkerreko baloreak dituela… PPrendako aldiz, interesantea da esatea ezetz, negoziatu egin duela. Horren adibide da, gaur La Razón-ek dakarren portada, fotomuntaia: Carod irrifartsu ETAkide bati eskua ematen (hori dela akordioa sinatu zuten momentua). Hori da Madriletik plazaratzen ari direna, PPren intereserako. Nahiz eta egia beste bat izan. Zenbat eta gehiago errepikatu geroz eta jende gehiagok sinistuko du. Horren arabera, PPk boto gehiago lortuko ditu. PPri mesede egingo dio. PSOEren ahultasuna eta PPren gorakada.

Enrike Letona

Albiste positiboa iruditu zait. ETAk hiru zutabe azaltzen ditu su-etena aldarrikateko: begirunea, esku sartzerik eza eta elkartasuna. Aldatu egin du lehen egiten zuen azterketa. Egoera ere ezberdina da. Nik azpimarratu nahiko nuke, aspaldian ari direla esaten ETAk ez duela inongo eraginik.

Hemen ikusten dugu ETAk eragin handia duela oraindik estatuan, izugarrizko zalaparta sor dezakeela bere komunikatu batek edozein momentutan. Beraz, komunikabideek eta politikoek gauza ugari esan arren, errealitatea hori da. Nik uste dut su-etenarekin herritarrek irabazten dutela. Kataluniako herritarrek orain badakite beraien lurraldean ez dela inolako erasorik egongo eta gutxienez bakea izango dutela.

Orain arte, PP izan da nagusi. Hauteskundeetako emaitzek argituko dute zer gertatuko den Katalunian Letonaren ustez. Eta Espainian, nik uste dut lehenagotik ere garbi zegoela PPk irabazi behar zuela.

Maite Aristegi, Nazio Eztabaidaguneko kidea

Edozein su-eten ona dala iruditzen zait. Nahiz eta partziala izan eta Katalunian bakarrik izan, berri pozgarria dela pentsatzen dut.

Komunikabideetan entzun direnak eta alderdi batzuetako kideek esandakoak entzunda, badirudi batzuek borroka giro horretan jarraitzea nahi dutela.

Egia da, momentu politiko oso konkretu baten ema dela suetena. Beharbada, danak ari dira beren interes propiei begira; alderdikeria ugari ikusten da. Hauteskundeak hor daude eta horrek asko markatzen du bidea.

Nik uste dut lan egin behar dela sueten hori denerako izateko eta benetan politikarekin aurrera egiteko. Elkarrizketa bidez, kondizioak bilatu behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak