TATk manifestazio deialdia egin du

Goiatz Arana Begiristain 2004ko ots. 10a, 18:50
Torturaren Aurkako Taldeak manifestazio deialdia egin du Bergarako kultura etxean. Manifestazioa zapatuan egingo da Donostian, “25 urte torturapean. Aski da” lelopean.

Espainiar konstituzioa onartu zenetik 25 urte pasa direnean, Euskal Herriaren aurkako jarrera, guda zikina eta basakeria salatu ditu Torturaren Aurkako Taldeak. Emandako datuen arabera, 1977tik 5.300 pertsona torturatu dituzte, eta horietako askoren sentipen lazgarriak espainiar auzitegiko mahaietan bata bestearen gainean pilatuta daudela salatu dute.

Torturaren Aurkako Taldeko kideek galdeketa basatiak egiteko gune ilunak eta ziegetako garrasiak gaitzetsi dituzte, eta izugarrikeriak bere horretan jarraitzen duela gaineratu. Zentzu horretan, zakarrontziaren barruan zer dagoen ikusteko tapa altxatu nahi duen esku bakarra euskal gizartea dela adierazi dute, eta gogor eutsiko diola bere ahaleginari.

Bergarako kultura etxean eman dute datuon berri TATeko kideek, torturak jasandakoak denak. Pasa den urteko datuak aztertzen diharduten arren, torturak jasaten dituztenen kopuruak gora egin duela jakinarazi dute, eta egoerarik lazgarriena frantziar estatuko espetxeetan bizi dutela gaineratu. Egoera honi amaiera emateko asmoz, 50 mila sinadura aurkeztu zituzten pasa den astean Gasteizko eta Nafarroako Legebiltzarretan, eta sinadura horiek Europara igortzeko asmoa ere azaldu dute.

"25 urte torturapean. Aski da"

Era berean, zapatuan, otsailak 14, Donostian egingo den manifestaziorako deia egin diete herritarrei. “25 urte torturapean. Aski da”, horixe da aukeratu duten leloa. Manifestazioa Boulevardetik abiatuko da arratsaldeko bost t’erdietan. Egun bat lehenago, berriz, ostiralean, mobilizazioak burutuko dituzte Debagoieneko herrietan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak