Amann, Garraio Sailburuak euskal Y-aren gaineko eskaerak jaso ditu Arrasaten

Nerea Zubiete 2004ko urt. 21a, 17:29
Debagoieneko Mankomunitateko alkateek hala eskatuta etorri da Alvaro Amann, Herrilan eta Garraio Sailburua Arrasatera. Bi proiekturen gainean informazio zehatzagoa eskatu eta proposamenak egin nahi zizkioten bailarako alkateek: tranbiaren gainean alde batetik eta Abiadura Handiko Trenaz bestetik. Jaurlaritza, Debagoieneko Mankomunitatea, MCCeta Mondragon Unibertsitatea izan dira gaurko bileran.

Tranbiak garrantzi handia

Tranbiari dagokionez, berebiziko garrantzia duen proiektua dela esan dute arduradun guztiek, kontuan hartuta gure bailarako trafiko arazoak arindu egingo dituela neurri handi batean.

Aurtengo udaberrian espero dute jendaurrean jartzea tranbia egiteko hiru epeen gaineko informazioa. Amann Sailburuak esan duenez, baliteke 2005 urtean lehiaketa publikora ateratzea Bergara eta Aretxabaleta lotuko dituen zatiaren lanen adjudikazio edo esleipena.

Funtsezkoa garapenerako

Bigarren proiektua, Abiadura Handiko Trena ere ezinbestekoa dela adierazi dute denek. Amann Sailburuak adierazi duenez, Euskal Herrirako izango den bezala, Deba Arroaren garapenerako ere funtsezko azpiegitura izango da Abiadura Handiko Trena.

"Komunikazioak garatu ezean, eskualdea ez da garatuko", azaldu du Amannek. Eta horren harira, Debagoieneko alkateek eskari zehatza egin diote Sailburuari: Deba Arroa eta Euskal Y azpiegitura lotuko dituen gunea hemendik gertuago egotea.

Kontuan hartu behar da, gaur egun aztertzen dabiltzan lotura gune hori Zumarraga aldean kokatzen dutela. Amann Sailburuak azaldu du ez duela itxaropen faltsurik sortu nahi, baina aztertu egingo dutela eskaera hori eta baliteke alboko irtenbideren bat aurkitzea.

Aurkako iritziak

Udaletxera gaur AHT-aren aurka dauden hainbat talde ere gerturatu da. Alde batetik, AHT-ren aurkako taldea gerturatu da eta apiegitura handi hori zalantzan jartzen zuen pankarta erakutsi dute talde horretako kideek.

Horretaz gainera, Ezker Batua alderdia ere bertan izan da, Abiadura Handiko Trenaren proiektua gelditzeko eskatuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak